Europar Batasunak 1.462 milioi euro bideratu ditu Europa Sortzailea programara, zeinaren xede baita Europako ikus-entzunezkoen, kulturaren eta sormenaren sektoreak bultzatzea. Horretarako, laguntzak ematen dizkie hainbat arlotako –kultura, ikus-entzunezkoak, arte eszenikoak, zinema eta musika, besteak beste – artista eta profesionalei.
Europa Sortzailearen Espainiako bulegoak doako informazioa eta aholkularitza eskaintzen die Europa Sortzailea programa ezagutu edo bertan parte hartu nahi duten erakunde guztiei, eta, halaber, programa sustatu eta zabaldu egiten du, jardunaldi, mintegi, lantegi eta ikerketen bitartez. Hori guztia lortzeko, bost bulego ditu; bata Kultura azpiprogramarako, Madrilen, eta beste lau Media azpiprogramarako, Donostian, Madrilen, Bartzelonan eta Sevillan.
Go Gasteiz Kulturak Europa Sortzaileari eta, bereziki, MEDIA azpiprogramari buruz hitz egin du Ainhoa Gonzalezekin, Europako bulegoak Euskadin duen koordinatzailearekin.Ainhoa González, Europako Bulegoaren Euskadiko koordinatzailea.
Europa Sortzailea Europar Batasunaren programa da, eta kultura- eta sormen-sektoreak bultzatzea du xede. 2014tik 2020ra 1.462 milioi euro bideratu dira proiektuak finantzatzera. Zeintzuk ziren amaitzear den aldi honen hasierako lehentasunak?
Euskadiko bulegoan, ikus-entzunezkoen sektorean jarri dugu arreta gehien, eta bertan hainbat lehentasun izan ditugu. Batetik, ikus-entzunezkoen arloko profesionalen trebetasunak eskuratzen eta hobetzen laguntzea, eta sareak garatzea. Bestetik, ikus-entzunezkoen operadoreen ahalmena handitzea –Europar Batasunean eta hortik kanpo zirkulatzeko ahalmena duten europar lanak garatzekoa– eta Europako zein nazioarteko koprodukzioa erraztea. Horretaz gain, enpresen arteko trukeak bultzatzea, nazioarteko eta Europar Batasuneko merkatuan sartzea erraztuz.
Nazioz haraindiko zirkulazioa bultzatzeari dagokionez, hauek izan dira lehentasunak: filmen banaketari laguntzea, marketinaren, marka-estrategiaren, eta ikus-entzunezkoen banaketa eta erakusketaren bitartez, entzuleen prestakuntzari laguntzea, eta banaketa-modu berriak bultzatzea negozio-eredu berriak bideratzeko.
Zenbateraino berrazter daitezke hasierako helburuak? Ba al da ezusteko egoerengatik, aurtengo egoeragatik esaterako, hainbat ildo aldatu edo sendotzeko aukerarik?
Helburu zehatz batzuekin hasi zen programa, baina 7 urterako zela kontuan hartuta, beti izaten dira aldaketak sektorean, eta horregatik argitaratzen dira deialdi berriak. Esaterako, ikusleen prestakuntza/hezkuntza lehentasuneko helburuetako bat izan da aldi honetan, baina merkatuaren beharretara egokituz joan da 7 urte hauetan zehar.
Halaber, pandemia dela eta, luzatu egin dira hainbat deialditako epeak, eta Europa Cinemas-ek 5 milioi euroko laguntza osagarria izango du. Laguntza hori 2021ean kudeatuko da, baina dagoeneko aurreratu dira 2019ko ordainketa eta 2021eko lehen seihilekokoa. Laguntza hauek erabateko garrantzia dute kaltetuenetakoa den sektore batentzat: erakusketen sektorearentzat.


