María Goiricelaya: "Egiten ari garenari buruz sakon hausnartzeko behar dugun zaplada da 'Ama Kuraia'"

  • María Goiricelaya:
    Maria Goiricelaya da Brechten obraren bertsio honen zuzendaria
eitb.eus

  • DataUrriak 23
  • Gaia Arte eszenikoak

Maria Goricelayaren zuzendaritzapean, Arriaga Antzokiak “Ama Kuraia” Bertolt Brechten obra estreinatuko du, urriaren 22an euskaraz eta astebete geroago gaztelaniaz. 

Martxoan zen estreinatzekoa “Ama Kuraia” Bertolt Brechten antzezlana Arriaga Antzokian, Bilbon, Calixto Bieito zuzendari artistikoak Brechten lan bat oholtzaratzeko zuen tema biziaren emaitza. Azkenean, baina, pandemiaren ondorioz atzeratu eta gero, urriaren 22an iritsiko da euskaraz “Ama Kuraia eta bere seme-alabak” aleman poeta eta antzerkigileak 1941ean estreinatu zuen lana.

Martxotik hona, gauza asko gertatu dira, mundua orain oso bestelakoa dela esan da etengabe, baina gauza asko, funtsezkoenak agian, apenas ditu mudatu koronabirusak egunerokoan, Hogeita hamar Urteko Gerrak, Bigarren Mundu Gerrak edo Irakeko Gerrak aldatu ez zituzten bezala. Hor diraute atergabe, gizatasuna likisten, gerra orok berekin dakarren ankerkeriak, biktima zuzen eta zeharkakoen sufrimenduak, materialismoak eta gizakiaren bizirauteko sen errukigabeak, besteak beste.

Maria Goiricelaya zuzendariak luxuzko antzeztaldea izan du alboan “Ama Kuraia” hau, Arriaga Antzokiaren produkzio berria, taularatzeko: Ione Irazabal (euskaraz) eta Itziar Lazkano (gaztelaniaz) izango dira Ana Fierling protagonista, eta beraiekin batera arituko dira Ane Pikaza, Eneko Sagardoy, Mikel Losada, Miren Gaztañaga, Iñaki Urrutia, Gabriel Ocina, Alfonso Díez, Aitor Borobia, Adrián Garcia de los Ojos, Mikel Martínez eta Idoia Merodio.

“Ama Kuraia” urriaren 22tik 24ra izango da ikusgai euskaraz, Kepa Errastik euskarara ekarritako testuarekin, eta urriaren 29tik azaroaren 1era gaztelaniaz, Arriaga Antzokian. Goiricelayarekin hitz egin dugu antzezlanaz eta Bertolt Brechten dramaturgiaz gehiago jakin nahian.

Zergatik aukeratu duzu, hain zuzen ere, “Amaia Kuraia eta bere seme-alabak” egokitzea?

Egia esan, ez zen nire ideia izan, Calixto Bieito Arriaga Antzokiko zuzendari artistikoarena baizik. Berak proposatu zidan, bilera batean, pieza honi ekitea. Argi zuen Bilbok “Brecht bat” behar zuela eta “Ama Kuraia” pieza bikaina zela hiri honetarako, gaur-gaurkoa delako eta indarrean dagoelako oraindik. Erabat ados nago berarekin.

Nola definituko zenuke Brechten dramaturgia?

Esango nuke Brechten dramaturgiaren ezaugarri azpimarragarriena “urruntze efektua” deritzona dela, ikuslearen eta ekintza eszenikoaren arteko identifikazioa desegiten duen efektua. Bere dramaturgiak rol aktiboa eskatzen dio ikusleari, eta irakaspen politiko eta pedagogikoa helarazi nahi dio.

Bere obra birpasatzen badugu, ikusiko dugu dramaturgia ia guztiak lotura duela bizi izan zuen garaiko dialektika marxisten ikusmoldearekin eta marko sozial eta politikoarekin. Hor datza “antzerki epikoaren” jaiotza, “dramatikoaren” aurrean. Brechten dramaturgiaren ekarpen nagusietakoa da, nire ustez: stanislavskitar drama errealista tradizionalarekin hautsi zuen, gogoeta sakonak eskatzen dituen antzerki bat proposatzeko, zeinak analisira bultzatzen baitu, eszenaz haraindi, eta ikusleari zuzentzen baitzaio, bere mundu ikuskerari dagozkion erabakiak hartzera behartzeko.

Informazio osoa iturriaren webgunean irakurri