Jon Agirresarobe eta Idoia Trenor: "Plazak seguruak dira eta bertsolariak ordaina behar du"

  • Jon Agirresarobe eta Idoia Trenor:
argia.eus

  • DataUrriak 23
  • Gaia Arte eszenikoak

Urtebete egina dute koordinatzaile karguan Idoia Trenorrek eta Jon Agirresarobek. Bertsozale Elkarteak ordura arte pertsona bakarra izan du funtzio horretan, eta lehendakari bakarra. Baina 2018an sei lehendakari izatera pasatu zen, eta ondoren koordinazioa lau eskutara eramatera. Ardurak modu "bizigarriagoan" eramatea eta egitura horizontaltzea bilatu dute horrela. Eta bi buru hauek dihardute egun elkartearen bihotzean: aspaldidanik bertako langile eta txapelketen antolatzaile izandako Jon Agirresarobe, eta feminismoan zein euskalgintzan ibilbidea duen Idoia Trenor.

Bertsozale Elkartearen zein ezaugarrik deitzen dizue arreta?

JON AGIRRESAROBE. Bertan lanean hamahiru urte aritu arren, oraindik harrituta geratzen naiz mugimenduaren bizitasunarekin. Astero dago proposamen berri bat, edo kudeatu beharreko tentsioren bat... jendea ez dago geldirik eta hori oso ona da bertsolaritzarentzat. 

Bestetik, txunditzen nau ikusteak kultur proiektu bakarrean hain abiapuntu ezberdina duen jendeak hartzen duela parte: herrialdeka, adinez, edo bertsolaritza bizitzeko moduan oso diferenteak direnak kultur proiektu batean lotzen dira. Egungo gizartean, hori gauza handia da, eta momentu deseroso bat dagoen bakoitzean hori pentsatzen jartzen naiz, "honek behintzat merezi du".

IDOIA TRENOR. Nik ere bizitasuna nabarmenduko nuke: gizarte mugimendu bat da bere horretan elkartea, bertsolaritzaren barruan.

Mugimendu feministan garrantzia handia ematen zaio belaunaldi ezberdinetako kideek militantzia espazioak edo borrokak partekatzeari, eta arreta deitu dit Bertsozale Elkartean ere ematen zaion garrantziak. Bai soldatapeko langileen artean, bai lan boluntarioa egiten dutenen artean, bai bertsolarien artean, adinartekotasuna zeharlerro izateak asko aberasten du proiektua.
Bilakaera handia egin du 30 urtean Bertsozale Elkarteak eta soldatapeko langileen kopurua asko hazi da: bakarra izatetik 125 izatera (horietatik 50 ikastetxeetan bertsolaritza irakasten ari direnak). Horrek zein ondorio ditu borondatezko lanarekiko orekan?

J. AGIRRESAROBE. Elkarteak bertsolaritzarentzako erramintak sortu ditu eta horrek azken urteetan espezializazio handia eskatu digu: hezkuntzako irakasleak trebatzea, ikusentzunezkoetarako produktora oso bat garatzea, Lanku zerbitzu enpresa sortzea, Xenpelar dokumentazio zentrua... horrek ekarri du langile taldea handitzea.

Militantzia ere asko aldatu da. Elkartearen sorreran oso potentea zen, gaur egun ere 100 pertsona inguru mugitzen da elkartean, baina elkarte bateko kide izateko modua asko aldatu da.

I. TRENOR. Beti mantendu behar da oreka, hainbeste soldatapeko langile izanik eta borondatezko langileek oso modu diferenteetan parte hartzen dutenean: herrialdeetako zuzendaritzetako kideak, hau da, erabakigune nagusietakoak, borondatezko langileak dira, lehendakariak ere bai, beste borondatezko langile batzuek bertso saioak antolatzen lan egiten dute, aulkiak jarriz... Hori da erronka, elkartean parte hartu nahi dutenentzako moduko egiturak sortzea, ez soldatapeko langileen araberako egiturak, kidego guztiak parte hartzeko modukoak baizik.

J. AGIRRESAROBE. Bai, ea nola antolatu behar dugun Elkartea militantzia mota bakoitzari behar duen informazioa eta kokapena emateko. 120 langilek sortzen dituzten lan, proiektu, kezka, abiadurak nola uztartu borondatezko lanarekin? Formula zaharrek ez dute balio.

Bazkidetzek gora egin dute eta 2.500dik gora dira egun. Zein dira bazkideak lortzeko gakoak?

I. AGIRRESAROBE. Proiektuarekiko atxikimendu handia duten bazkideak dira mugimendua osatzen dutenak eta etengabeko lanaren emaitza da. Momentu zehatzetan kanpaina komunikatiboak egin dira, batez ere elkartea sortu zenean eta handik hamarkada batera, 1996. urtean. Dena den, ekintza komunikatibo zehatzez harago, atxikimendu handia sortzen du sormen lanak berak. Bestetik, mugimendu gisa uste dut asmatzen dugula proiektu edo erramintak edukitzen bertsozale mota askorentzako: gazteentzako udalekuak, Internetez bertsoak entzuteko aukera, txapelketak... ekimen horiek denek erakusten dute atzean proiektu bat dagoela. Beraz, horien artean, hau da, sormen lanak duen pisua, gizarte mugimenduak duena eta proiektu bakoitzak sortzen duen atxikimenduari esker lortzen dugu kanpaina handirik egin gabe, garai gogorretan ere bazkide gutxi galtzea eta baita pixka bat gora egitea ere.

I. TRENOR. Aipatutakoez gain, komunitate baten parte izateko aukera ematen du bazkidetzak, komunitate baten proiektua babestekoa. Uste dut bazkideen artean multzo handi bat perfil horretakoa dela.

Informazio osoa iturriaren webgunean irakurri