Guggenheim Bilbao Museoa Calixto Bieitorekin eta Arriaga Antzokiarekin lankidetzan arituko da urte eroak, 1920ko hamarkada erakusketan
- DataUrriak 20
- Gaia Museoak
Guggenheim Bilbao Museoak asmo handiko lankidetza aurkeztu du Arriaga Antzokiarekin, azken horren Zuzendari Artistikoa, Calixto Bieito, Urte eroak, 1920ko hamarkada erakusketaren diseinuaz arduratuko baita. Erakusketa 2021eko apirilaren 30ean inauguratuko da Museoan.
Juan Mari Aburto Bilboko Alkateak nabarmendu egin du “gure hiriaren ikono nagusia” den Guggenheim Bilbao Museoak Bilboko Udalarekin izandako elkarlana, eta adibide gisa ezarri du, baita ere, “Calixto Bieitoren parte hartzearekin Museoaren eta Arriaga Antzokiaren artean sortutako sinergia honek, Artearen eta Kulturaren eskutik Bilbo munduan kokatzen jarraitzeko bidea adierazten digu”.
Guggenheim Bilbao Museoak asmo handiko lankidetza aurkeztu du Arriaga Antzokiarekin, azken horren Zuzendari Artistikoa, Calixto Bieito, Urte eroak, 1920ko hamarkada erakusketaren diseinuaz arduratuko baita. Erakusketa 2021eko apirilaren 30ean inauguratuko da Museoan.
Elkarlanaren helburua bikoitza da: alde batetik, Bieitoren ukitu pertsonalaz erakusketaren eszenografia aberastea, eta, bestetik, Guggenheim Bilbao Museoaren eta Arriaga Antzokiaren artean harremana ezartzea, halako moduz non Arriagak berak ere erakusketari lotutako zenbait proposamen txertatuko dituen bere programazioan.
Juan Ignacio Vidarte Guggenheim Bilbao Museoaren Zuzendari Nagusiaren hitzetan, “honako lankidetza honek aukera ezin hobea ematen digu Urte eroak, 1920ko hamarkada erakusketa aberasteko Calixto Bieitoren talentu apartaz baliatuta; horrek askoz erakargarriagoa egingo du bisitarien esperientzia, ezbairik gabe. Gainera, haren ikuspegi artistikoa zeharo interesgarria gertatuko da bizi dugun sasoiarekiko lotura argia duen erakusketa honetan; izan ere, erakusketak jasotzen dituen garaiak bizi-biziak ziren: herritarrek sormena erabiliz eta konbentzionalismoak hautsiz egin zieten aurre Lehen Mundu Gerrak eta 1918ko gripearen pandemiak utzitako traumari eta krisiari”.
Juan Mari Aburto Bilboko Alkateak, bestalde, honakoa ohartarazi du: “ezinbestekoa da erakundeek kultura, ekonomia eta arte-ekoizpena sustatzen duten eragileekin elkarlanean jarraitzea”. Aburtok nabarmendu egin du “gure hiriaren ikono nagusia” den Guggenheim Bilbao Museoak Bilboko Udalarekin izandako elkarlana, eta adibide gisa ezarri du, baita ere, “Calixto Bieitoren parte hartzearekin Museoaren eta Arriaga Antzokiaren artean sortutako sinergia honek, Artearen eta Kulturaren eskutik Bilbo munduan kokatzen jarraitzeko bidea adierazten digu”.
Erakusketaren gaiari dagokionez, Calixto Bieitok adierazi du “1920ko hamarkada XX. mendeko garairik oparoenetakoa izan [zela] kulturari dagokionez, gaur egun oraindik ere nabarmena den arrastoa utzi baitzuen sasoi hartan hezur-mamitutako arte- eta abangoardia-eztandak”. Ildo horri tiraka, gogorarazi du “azken urteotan, zuzenean iturri horietatik edaten duten Europa erdialdeko artisten lanez gozatzeko aukera izan [dugula] Arriagan bertan”.
Antzokiko Zuzendari Artistikoak zera azpimarratu nahi izan du: “Urte eroak, 1920ko hamarkada erakusketak Arriagari ere ematen dio aukera garai hartan sakontzeko, modu kritiko eta sortzailean sakondu ere, eta gaia gaur egungo errealitatea abiapuntu duten hurbilketa artistikoen bidez jorratzeko”. Bieitok aurreratu duenez, “hurrengo urtean, baina denboraldi honetan bertan, Juan Ignaciok eta Juan Marik hizpide izan dituzten sinergia horiexek elikatuta, Arriaga Antzokiak Guggenheimeko erakusketarekin lotura zuzena duen programazioa eskainiko du, eta elkarren osagarriak izango dira biak”.


