Angel Uranga: «Nire margolanak bitartekoak dira ikertzen dudana gizarteratzeko»
- DataUrriak 19
- Gaia Ikusizko arteak
Mundu guztian barrena erakutsi izan ditu bere lanak, baina badaramatza pare bat urte jaioterritik asko mugitu gabe, Zarauzko Kale Nagusian duen estudioan lanean. Hasitako ikerlanak bukatu nahi ditu, eta bilduma berri bat ere aurkeztuko du aurki.
Angel Uranga (Zarautz, 1961) jaiotzetik da artista. Kontzientzia duenetik marrazten eta margotzen gogoratzen du bere burua. Mundu guztian barrena ibilia da bere obra besapean hartuta: Ameriketako Estatu Batuetan izana da, Arabiar Emirerri Batuetan, Kanadan, Alemanian, Espainian... Izen handiko galerietan erakutsi izan ditu bere lanak, arteari buruzko kongresuetan, psikiatriari buruzkoetan, itsas bidaien azoketan, automobilismo zirkuituetako egoitzetan... Hitzaldiak eman izan ditu herrietako areto txikietan, hiriburuetakoetan, konferentziak unibertsitateetan... Azkenaldian, baina, etxe aldean dabil; Zarautzen Kale Nagusian duen lantegi-galerian ari da lanean. Gelditzea erabaki zuen, dozena bat urtean esku artean darabilen ikerlana bukatu nahi zuelako, baina geldian ere proiektuak sortzen zaizkio nonbait, eta azken hilabeteetan bilduma berri bat osatu du: Makers. Martxoan jarriko dute ikusgai Gasteizko Vital Fundazioa Kulturunean.
Noiz hasi zinen margotzen?
Artea inguruan dugunarekin harremantzeko modu bat da, errealitatea ulertzeko saiakera bat, adierazteko eta komunikatzeko era bat; hitza erabili beharrean, artistak sormena erabiltzen du, izan eskultura, izan zinema, eta, nire kasuan, pintura. Gogoan dut, oso umea nintzela, marrazten pasatzen nituela egunak, eta 8-9 urterekin hasi nintzen lehendabiziko koadroak egiten. Txiki-txikitatik, hori izan da nire modua munduarekin harremanak izateko. Eta, horrez gain, txikitatik izan dut jakin-mina egiten nuenaren inguruan, alde praktikotik zein teorikotik. Horregatik, marrazteaz eta margotzeaz gain, oso umea nintzela hasi nintzen pinturari buruzko liburuak irakurtzen ere.
Baina ez zenuen etxean eta zeure kabuz ikasiko dakizun guztia.
Ingurukoek animatuta, izena eman nuen Zarauzko Artearen Lagunak elkarteak —gerora Artezaleak izango zena— antolatzen zituen ikastaroetan; Julian Ugarte margolaria nuen irakasle. Gu marrazten jartzen gintuen, eta bera margotzen aritzen zen, baina nik margotzea nuen gustuko, eta etxean hasi nintzen, ezkutuan. Ezjakina nintzen, teknikari buruz ez nekien ezer, eta gogoan dut nire lehen koadroa egitea zenbat kostatu zitzaidan. Txori bat margotzen hasi nintzen, burubeltz bat, baina margotu eta margotu eta lienzoak ez zuen kolorerik hartzen, eta ni harrituta. Nola hartuko zuen, bada? Olioz margotzen ari nintzelakoan, akualeraz ari nintzen. Halako batean, pintura zuria gastatu zitzaidan, dendara joan eta olio zuria erosi nuen, eta orduan jabetu nintzen olio margoen eta akuarelen arteko aldeaz. Izan ere, gauzak ikas daitezke besteek irakatsita, baina batez ere esperimentatuz eta probak eginez ikasten dira. Max Doerneren Los materiales de pintura y su empleoen el arte liburuak ere asko lagundu zidan horretan. Alemaniar batzuek oparitu zidaten, eta han zetozen gauza guztiak probatzen saiatzen nitzen etxean.


