Ana Gutiérrez: "Zinema ez litzateke ulertuko emakumeen parte-hartzerik gabe; horregatik lan egiten dugu merezi duen ikusgarritasuna emateko"
- DataUrriak 10
- Gaia Ikus-entzunezkoa
Ana Gutierrez da Zinemakumeak gara! Elkarteko zuzendaria. Ekimenak bete dituen 25 urteez eta jaialdiaren edizio honetaz hitz egin dugu berarekin.
ZINEUSKADI: Ezagutzen ez duenarentzat, zer da Zinemakumeak gara! elkartea?
Ana Gutiérrez: 1996an sortu zen Simone de Beauvoir kolektibo feministarekin, eta 2012an Zinemakumeak gara! Izena hartu zuen. 1996an,emakumeek egindako zinema ikusgai bihurtzea zen asmoa, zinema horren hedapen falta arintzea, historia ezagutaraztea… Helburuak anitzak ziren, baina biztanleriaren % 50 horren begirada erakustea zen xede nagusia. Emakumeak zinemaren historian hasiera-hasieratik gaude, baina orain hasi dira lehenak ezagun egiten eta aintzat hartzen. Zinema ez litzateke ulertuko emakumeen parte-hartzerik gabe.Herritarren % 50 gara, hor gaude, eta kalitatezko zinema egiten dugu.
ZINEUSKADI: 25 urte geroago, zeintzuk dira helburuak?
Ana Gutiérrez: Helburu berdin mantentzen dira. Interes eta ilusio berarekin jarraitzen dugu lanean, eta horrelako erakusketak eta jaialdiak egin behar ez izatea gustatuko litzaiguke. Horrek adieraziko luke parekotasun horretara iritsi garela, berdintasunera, eta dagoen genero-eten hori desagertu egin dela.
ZINEUSKADI: Zer bilakaera izan duzue urte hauetan?
Ana Gutiérrez: Nik uste dut oraindik zinema- eta jaialdi-erakustaldiak ezinbestekoak direla, oraindik ere desberdintasunak daudelako. Emakumeoi asko kostatzen zaigu kristalezko sabai hori apurtzea film bat egiteko, adibidez. Hala ere, hobekuntza nabarmena egon da: emakumeak gero eta prestatuago daude eta arrakasta handia lortzen ari dira asko, baina beste batzuk zinemaldietan aurkezten dituzte beren lanak eta, zoritxarrez, ez dira zinema-aretoetara ailegatzen. Zorionez, gero eta kontzientzia handiagoa dago, ez bakarrik sortzen ari diren mugimendu guztiengatik eta jaialdietan hartzen ari diren neurriengatik, baizik eta baita gizarteak eskatzen duelako ere. Gero eta interes handiagoa dago emakumeek zuzendutako zinema ikusteko, baina oraindik oztopo asko aurkitzen ditugu eta horiekin bukatu behar dugu berdintasunera heltzeko.
ZINEUSKADI: Zein ekimen burutzen dituzue?
Ana Gutiérrez: Hasiera-hasieratik, emakumeek zuzendutako filmak eta film laburrak proiektatzen ditugu. Beti izan dugu interes handia atzerriko zuzendarien estreinaldiak ekartzeko; izan ere, Espainian egindako filmak bertan estreinatu ohi zirelako. Jakina, euskal zinemagileei zuzendutako atal bat dugu, "Ezezagunak" izenekoa, non beren tartea ematen diegun nazioartean lekua egiteko borrokan ari diren emakumeei. Sekulako ahalegina egiten dugu jaialdietan proiektatzen diren baina askotan pantaila handira iristen ez diren kalitate handiko filmak erakusteko. Hitzaldiak ere antolatzen ditugu. Erakusketa bakoitzean gai bat edo genero zinematografiko bat emakumearen ikuspegitik aztertzen dugu. Oraingoan, film laburren munduari buruzko hitzaldia prestatu dugu, eta Kimuakeko Esther Caberok parte hartuko du beste emakume batzuekin batera. Emakumeek film laburren munduan dituzten zailtasunei eta egoerari buruz hitz egingo dute.


