Julen Belamuno: «Ametsak sortzen dituen iturri bera dago fikzioaren atzean»

  • Julen Belamuno: «Ametsak sortzen dituen iturri bera dago fikzioaren atzean»
berria.eus

  • DataIrailak 1
  • Gaia Literatura

Nor izatearen galderari begira daude Belamunoren ipuin liburu berriko pertsonaiak. Bost dira 'Hotz industriala' osatzen duten istorioak; egoera askotarikoak, baina idazlearen begirada sosegatuaz emanak denak.

Ipuinekin agertu zen literatur plazara, eta, eleberri baten ostean, ipuinekin heldu da bueltan Julen Belamuno (Azpeitia, Gipuzkoa, 1959). Gozamen duela ezkutatu gabe, apal mintzo da literatur jardunaz. «Bizitasuna ematen dit [idazteak], handia». Hotz industriala (Susa) du lan berria, eta ezohiko garaian ematea egokitu zitzaion, koronabirusak ekarritako itxialdiaren bezperako egunetan. Bost kontakizun bildu ditu bertan, askotariko egoerak oinarri dituztenak, baina denak hari ikusezin eta erritmo lasai batez josiak. «Badira errepikatzen diren elementuak, baina ez da ipuin liburu tematiko bat; istorioak ez dira mugitzen ardatz baten bueltan».

Ipuinak elkarrengana batuz joan balira bezala izan da, beraz.

Bai. Ipuinak idazten dituzunean, nik behintzat, ez dut buruan libururik. Ipuinak ateratzen doaz, nahiko modu soltean. Mordoxka bat izatean hasten zara pentsatzen zein liburu forma har dezaketen. Baina idazterakoan planteamendu garbirik ez dut izaten.

Badirudi ipuinek nahi gabe ikusi edo entzundako egoera bat dutela abiapuntuan. Hala izan da?

Normalean, egoera batekin edo irudi batekin hasten naiz; batzuetan, esaldi batekin. Hortik tiraka, ideia berriak sortzen dira, eta, materiala pilatuz joan ahala, ipuinak bere bidea topatzen du, baina nik bide hori ez dut kontrolatzen. Orain modan dago sortzaile hitza, eta askotan pentsatzen dut neure kasuan, nik neuk sortu baino, niri sortu egiten zaizkidala lanak.

Hotz industriala ipuinak ematen dio izena liburuari, baina giro hotz bat, bizitza erdi izoztu batena, hedatzen da besteetara ere.

Bai, tonua errepikatzen da beste ipuinetan ere, baina horrela sortzen zaizkidalako da, berezko joera izango da, nik uste; ez dut horretan aurrez pentsatzen.

Identitate gatazkak hozten du pertsonaia askoren bizitza. Gaurko gizartearen korapilo handietako bat delako, akaso?

Esango nuke badela gutako askok bizi dugun korapilo nagusietako bat. Bi poloen arteko tentsio bat: nork bere buruari eusteko gogoa, batzuetan harrotzeraino iristen dena, eta, beste muturrean, norbera izatearen nekea; aurrekoarekin eten eta aldatzeko gogoa. Bi joera horiek nigan bai sumatzen ditut, eta uste dut jende askorengan gertatzen dela. Ipuinetan errepikatzen den elementuetako bat da, nabarmena. Desagertuaren oroi-grinan-n, esterako: pertsonaiak ihes egin zuen bere herritik, izena ere aldatu zuen, hutsetik abiatu nahi duelako, bizimodu berri bati ekin.

Informazio osoa iturriaren webgunean irakurri