Negu luzea uxatu zuen

  •  Negu luzea uxatu zuen
berria.eus

  • DataAbuztuak 25
  • Gaia Musika

Zea Maysek hamahiru urteko bidea zuen 'Negua joan da ta' kaleratu zuenean, baina kantuak arrakasta eman zion taldeari. Hamar urte geroago ere haien 'hit'-etako bat da oraindik.

Esperantzaz betetako hitzak, doinu bizia, ahots indartsu bat, eta bideoklip soil baina adierazgarri bat. Emaitza, arrakasta absolutua. Zea Mays Bilboko taldea gailurrera eraman zuen Negua joan da ta kantuak; mugarri bat izan zen haren ibilbidean, eta, hamar urte igarota ere, jarraitzen du zaleak hunkitzen eta kantuan jartzen.

2010ean kaleratu zuten kantua, Era diskoaren barruan, Ihes, Era, Kukutza III, Gorputz Pentsamendu Huts eta beste zazpi abestirekin batera, Bonberenea Ekintzak diskoetxearekin. Diskoa aurrekoak baino «alaiagoa eta positiboagoa» zen, Aiora Renteria taldeko abeslariaren hitzetan. Baikortasuna eskatzen zuen orduko testuinguruak, izan ere: ekonomia krisialdi sakona zegoen, eta musikari eta talde gehienentzat ere garai gogorrak ziren. Baina garairik zailenetan ere badira loratzen direnak, eta hori izan zen Errekaldeko laukotearen kasua.

Testuinguru gorabeheratsu batean agertu izanak bultzada eman zion kantuari, «esperantza» ekartzera heldu zelako: guztia bukatzen dela oroitaraztera, baita negurik luzeena ere. Hori uste du Renteriak: «Garai bizia izan zen, gauza asko gertatu ziren inguruan: ETAk geldiunea egin zuen, krisia hor zegoen... Eta esango nuke jendeak pertsonalki harrapatu zuela kantua, eta horregatik hartu zuela garrantzi hori». Halere, abestiaren hasierako esanahia «sinpleagoa» zela aitortu du: «Abestia jaio zen oso negu hotza izan zelako urte horretakoa, ez zelako bukatzen; gero beste zentzu bat hartu zuen metaforak»

Informazio osoa iturriaren webgunean irakurri