Teilatu gabeko museoa
- DataAbuztuak 18
- Gaia Museoak, Bestelakoak
Azken urteotan horma irudiek kolorez jantzi dute Gasteizko Alde Zaharra. Auzoa apaintzeko asmoaz gain, helburu soziala ere badute
Ez izen arranditsurik, ez museoetako isiltasunik, ez edukiera mugaturik, ezta ilara luzeak itxaron beharrik ere. Zerua da Gasteizko arte galeria horren sabaia, eta artelanak ez daude mihise batean; hormetan daude, baina ez bakarrik. Kaleetako bizitasunean, usainetan, zaratetan, biztanleen begiradetan. Horrek guztiak osatzen du Gasteizko muralen ibilbidea. 2007. urtean hasi zen proiektua, eta, batzuek kezka adierazi bazuten ere auzoaren berezko izaera monumentala galduko zela-eta, gaur egun jada Alde Zaharreko paisaiaren luzapen bat dira mural koloretsuok. Are, auzoaren eta auzotarren parte dira horma irudiok; beraien eskuekin sortuak izan baitira horietako asko.
Crhistina Werckmeister, Veronica Werckmeister eta Brenan Duartek jarri zuten martxan Gasteizen horma irudien ibilbide bat osatzeko proiektua, eta horretarako sortu zuten Gasteizko Ibilbide Muralistikoak, Margotutako Hiria elkartea. Egitasmoak, kanpoaldeko arte galeria bat sortzeko asmoaz gain, helburu sozialak zeuzkan. Batetik, artista eta sortzaileak hauspotu nahi zituen; eta, bestetik, herritarren parte hartzea sustatu nahi zuen.


