Oier Guillan: ?Errealitatearen eta fikzioaren arteko mugekin esperimentatzen nabil beti, artea ekintza bilakatzeko xedez?
- DataAbuztuak 18
- Gaia Literatura
VHS izeneko nobela kaleratu du Oier Guillanek Susaren eskutik. Konfinamenduak edizio-lan betean harrapatu zuen, eta kontatu digunez, irrikaz dago liburuko pasarteak jendaurrean eta zuzenean irakurri ahal izateko; izan ere, berarentzat “hor osatuko baita liburuarekin esperientzia, jendearekin”.
Has gaitezen izenburutik beretik: VHS deitu diozu nobela honi. Niri behintzat, berehala ekarri dit gogora iragana, iraganaren aldaera berezi bat: norberak bizi izan duen arren oso aspaldikoa dirudiena.
Izan daiteke. Liburuan dena da jolasa, errealitateen eta fikzioen arteko ispilu joko bat, eta titulua hori ere bada: batetik, ondo esan duzun moduan, iraganarekiko sentimendu bat islatzen du. Batzuetan saiatzen gara oroitzen gure bizitzetan garrantzitsua izan den une bat, eta konturatzen gara akaso sentsazio orokorrak gogoratzen ditugula, baina ez hitz, usain edo kolore zehatzak. Iragana oroitu nahian, batzuetan sentitu izan naiz VHS zinta zahar bat eskuetan edukiko banu bezala: zeozer oso baliotsua dago bertan grabatuta, baina dagoeneko formatu zaharkitua denez ez dago hura ikusteko aparatua lortzerik. Bestetik, liburuko ispilu joko horretan VHS bada zeozer gehiago ere, baina ez dut spoilerrik egingo…
Eleberri honetan, Ilehoriak Detektibea kontratatuko du, hilketa baten misterioa argitu dezan. Baina ez hilketa eta ez detektibea bera, ez dira arruntak. Misterio eleberri bat da?
Agian bai, agian ez, ez dakit inporta duen. Niri bizitza bera iruditzen zait misterio bat, kutsu erlijiosorik gabe, noski; pertsonak misterio bat dira, jendearen nahiak eta jokamoldeak misterio bat dira, historiaren bazterrean geratutako istorio txiki oro da misterio bat. Liburuan badago nobela beltzen imajinarioa erabiltzerakoan jolas moduko bat, baina helburua ez da izan generoko lan bat egitea. Kontrakoa, genero marka batzuk nabarmenduz generoa difuminatzea izan da ahalegina. Ilehoriak Detektibea kontratatuko du, bai, hilketa bat argitzeko; baina hortik aurrera guztia izango da ez ohikoa. Hasteko eta behin, fikziozkoak diren pertsonaiek badutelako fikziozkoak izatearen kontzientzia bat. Bestetik, lan hau oso urrun dago –zentzu guztietan– Roberto Bolañoren
Los detectives salvajes-etik, baina ez nuke egia osoa esango omenaldia aitortuko ez banu.
Poetatzat eta antzerkilaritzat hartu izan zaitudala esango nuke, eta iruditu zait liburu honetan badirela halako kutsu berezi batzuk, esaterako, absurdoaren oihartzuna aditu dut elkarrizketen tonuan. Nola ikusten duzu zure bilakabidea?
Absurdoa oso maite dudan adierazteko modua da, umorera eta ironiara iristeko modu bat, errealitatea asimilatzen saiatzeko heldulekua. Hasieratik oso argi nuen umore zatiak eta gogoeta pisutsuagoak elkarrekin kontrastean joan behar zutela. Bizitza ere halakoxea sentitzen dudalako, absurdoa, eta serioa, eta tarteka barregarria. Sarritan esaten da idazle batek etengabe liburu bera idazten duela, liburu ideal definitibo horren bila dagoela modu ezberdinetan. Zentzu horretan, liburu hau oso gertu ikusten dut aurretik idatzitakoetatik, forma ezberdinak hartu arren bilaketa bera da. Agian kontrako bidea saiatzen ari naiz egiten, betidanik
zehaztasun osoz buruan idatzita izan dudan liburua aldiro modu ezberdinetan desegituratzen ari naiz; batzuetan poesia moduan, besteetan antzerki, edo saiakera, edo narrazio moduan. Poesiatik iritsi nintzen behinola antzerkira, eta horregatik, agian, performancearekin lotura duten kodeetan nabil edozein forma hartuta ere: errealitatearen eta fikzioaren arteko mugekin
esperimentatuz, artea ekintza bilakatzeko xedez. Edo, agian, hau guzti hau koartada diskurtsibo oso eder bat da, eta ez dakit besterik egiten beste modu batean.


