Trikiti doinuekin kulunkan
- DataUztailak 28
- Gaia Musika
Beste estilo batzuekin nahastuz, trikitiari aire berriak ekarri zizkion Tapia eta Leturia bikoteak. 'Besamotza' kantua da horren erakusle, 'Juergasmoan' diskoan jaso zutena.
Tritikiaren doinu soila entzuten da lehenik, leun, lasai, kantuari sarrera eginez. Eta berehala batzen zaizkio perkusioa eta baxua, argi uzteko erritmo hori ez dela ez fandangoarena, ez arin-arinarena, ez kalejirarena. Joseba Tapiaren ahotsak laster, eta gitarra elektrikoak geroago, kantuaren molde berritzailea berresten dute, eta, errepika ezaguna iristerako, dantzan da plaza, baina ez oin puntetan, ezta saltoka ere. «Maitia, hi haiz nere besamotza» horrek gorputza kulunkarazten eta gerria mugiarazten baitu batez ere.
Tapia eta Leturia bikoteak 1990ean argitaratu zuen Juergasmoan diskoa, trikitiaren ohiko moldeetatik urruntzen ziren piezaz jositako lana. Eta Besamotza eta halako kantuekin jarri zuten trikitia noranahiko izateko bidean.


