Bertsoaren bidegileak

  • Bertsoaren bidegileak
    Inaxi Etxabe, Zumaiako Oikia auzoko San Bartolome festetan bertsotan. BIDEGILEAK BILDUMA
berria.eus

  • DataUztailak 20
  • Gaia Arte eszenikoak

Emakumeak beti egon dira bertsolaritzaren historian, nahiz eta haiei buruz gutxi jakin. Plazetatik kanpo utzi zituzten, eta haien arrastoa kostata iritsi da gaur egunera.

Joan den astean zendu zen Inaxi Etxabe Oikiako (Zumaia, Gipuzkoa) bertsolaria. Emakumea eta bertsolaria, kultur adierazpide hori, publikoki, gizonen esparrua zenean. Etxabe ez zen bertsolaritzan bidea egin zuen lehenengo emakumea, ezta bakarra ere, baina, beste batzuekin batera, orain gutxira arte ezkutatua eta baztertua egon den belaunaldi baten parte izan zen. Estitxu Eizagirrek Bidea urratu duten bertsoak izeneko liburuxka bat argitaratu zuen 2014an, antzinako eta gaur egungo emakume bertsolarien alerik «urratzaileenekin», eta han ageri zen Etxabe, baina baita Plazida Otaño, Joxepa Antoni Aranberri Petrirena Xenpelar, Joxepa Zubeldia... Bidea urratu zuten bertsolariak guztiak ere.

«Parean» tokatu zitzaion Eizagirreri bilduma egiteko ideia. 2014ko Bertso Eguna emakumeek antolatu zuten, eta, talde antolatzailean egonda, piztu egin zitzaion «ezagutzen ziren eta ezagutzen ez ziren izen horien biografia motz bat eta bertso on batzuk» biltzeko gogoa. Eizagirrek dioenez, horrelako bildumak argitaratuz jendeak «oraintxe arte buruan sartuta» izan dituen eskemak hausten dira, beti pentsatu izan baita bertsoa «gizonezkoen esfera» bat izan dela eta emakumeek ez dutela jardun. «Jendeak uste du Kristina Mardaras izan zela lehenengoa, eta bertso eskolek ireki zietela emakumeei atea bertsolaritzan, baina garai bateko bertsolari hauekin topo egin eta aurreiritzi oker horiek hausten dira».

Hala ere, gizonezkoen bertsolaritzarren historiari ere «umiltasun gehiagorekin» begiratu beharko litzaiokeela aipatu du, antzinako garaiko bertsolariez oso gutxi baitago erregistratuta, bertsolaritza «hizkuntza gutxitu batean egindakoa izan delako, eta ahozko kultura gutxietsia egon delako idatzizkoaren eta beste kultur jarduera batzuen ondoan». Egin den bilketa nagusia Antonio Zabalak egin zuen, duela ez hainbeste denbora, eta «garaiko ikuspegitik baloratuta». Beraz, garaian emakumeen bertsolaritza ez baldin bazen kontuan hartzen, gaur arte iristea ia ezinezkoa zen. «Eta, hala ere, batzuk iritsi dira».

Informazio osoa iturriaren webgunean irakurri