Willem Dafoe agertuko da Donostia Zinemaldiaren 68. edizioko kartelean

  • Willem Dafoe agertuko da Donostia Zinemaldiaren 68. edizioko kartelean

  • DataUztailak 17
  • Gaia Ikus-entzunezkoa

Donostiako Patio estudioak egin du lana, Martin Schoeller argazkilariaren irudi batean oinarrituta

Willem Dafoe (Appleton, Wisconsin, 1955) aktore estatubatuarra izango da 68. Donostia Zinemaldiko –irailaren 18tik 26ra– karteleko irudia. Donostia Zinemaldiak karteletarako diseinu berri bat abiarazi zuen 2018an, non konposizioan argazkiak eta marrazkiak uztartzen diren, eta zinematografia garaikideko figura bat txertatzen den. Isabelle Huppert aktorea izan zen diseinu berriko lehen irudia, 66. edizioan, eta Penélope Cruz agertu zen iazkoan. Donostiako Patio estudioak egin du kartela, Martin Schoeller argazkilariaren irudi batean oinarrituta.

Dafoe lau aldiz izendatu dute Oscar saria irabazteko, eta hirutan Urrezko Globoa irabazteko. Donostia saria jaso zuen 2005ean, bere ibilbidearen aitortza gisa. Besteak beste, honako zinemagile hauekin lan egin du: Michael Cimino, Martin Scorsese, Oliver Stone, John Waters, Paul Schrader, David Lynch, Alan Parker, Abel Ferrara, Lars Von Trier, Wes Anderson, Sam Raimi, Sean Baker eta Robert Eggers.

Dafoe 1988an etorri zen lehendabiziko aldiz Donostiara The Last Temptation of Christ (Kristoren azken tentazioa, Martin Scorsese) aurkezteko. Berriz etorri zen 1997an, Victory (Mark Peploe) filmarekin (Sail Ofizialean lehiatu zen), bai eta 2005ean ere, Zinemaldiko ohorezko saririk garrantzitsuena jasotzera. Donostia Saria emateko ekitaldian Before it Had a Name (Giada Colagrande) filma proiektatu zen. Azken bisita 2014an izan zen, Abel Ferrara zuzendariaren Pasolini filmarekin (Perlak).

"Ohorea da Zinemaldiarentzat munduko aktorerik onenetako batek, zeinarekin urte askoan begikotasunezko harremana izan dugun, Donostia Zinemaldiaren 68. edizioaren irudia izatea onartu izana", adierazi du José Luis Rebordinosek, Donostia Zinemaldiko zuzendariak.

Informazio osoa iturriaren webgunean irakurri