Oroimenean iltzatutako festa handia
- DataUztailak 14
- Gaia Musika
Gaur urtebete, eta gonbidatu ugarirekin, Berri Txarrak-ek 20.000 lagun elkartu zituen Kobetamendin, bere azken biran. Orain, Marina Lameiro bira horri buruzko film bat amaitzen ari da.
Uztailaren 14a zen. 2019koa. Igandea. Duela urtebete, Berri Txarrak taldeak euskal musikaren historiara igaroko den kontzertu bat eman zuen Kobetamendin, Bilbon, 20.000 zaleren aurrean. Ahaztuko ez den gaua izenburua zeraman uztailaren 16an BERRIAn argitaratutako kronikak, eguna oroimenean ondo iltzatuta eramango baitute bertan parte hartu zuten antolatzaile, artista, gonbidatu eta zaleek. Euskal kulturaren festa handi bat izan behar zuen, eta asmo horrekin antolatu zuten arratsaldeko lehen ordutik gauera bitarteko egitarau oparoa. Dantzak, bertsoak eta zirkuak lekua izan zuten, eta Ahotsenea gunean jende andanaren aurrean aritzeko aukera izan zuten hainbat musika taldek: Atzapar, Larra Bideak, Diabolo Kiwi, Dukka, Natali, Huts, Patx & Run eta Iont.
21:15ak aldera hasi zen, berriz, Berri Txarraken kontzertua, eta berezia izan behar zuen ezinbestean, gonbidatu sorta handia baitzuten Gorka Urbizuk, David Gonzalezek eta Galder Izagirrek: Broken Brothers Brass Band, Jurgi Ekiza, Aitor Gorosabel, Matt Sharp, Aiora Renteria, Anari, Leire Iseo, El Drogas... Une batean, eta jakinda zer-nolako lanetan sartu ziren kontzertu erraldoia antolatzeko, Urbizuk galdera bota zuen: «Mereziko al du?». Erantzunik behar ez zuen itauna.
Artzai Iraurgi Panda Artist Management enpresako kideak barru-barrutik bizi izan zuen Kobetamendiko jaialdia antolatzeko prozesua. Hirukoteak azaroan Iruñeko Nafarroa Arenan eman behar zituen bi kontzertuetarako sarrerak azkar agortu zirela eta areto guztiak betetzen zirela ikusita, lehenengo ideia izan zen estadio batean egitea jaialdia. «Baina azkenean ez ziren baldintzak bete, eta Kobetamendiko aukera egokia iruditu zitzaigun, BBK Live jaialdiaren azpiegitura balia genezakeelako».


