Covid-19 esperientziak sarean: Seve Álavari elkarrizketa
- DataUztailak 13
- Gaia Arte eszenikoak
SAREAk gure sareko antzokiak elkarrizketatuko ditu, jakiteko nola prestatu diren "normaltasun berria" izenekoan ikusleak hartzeko, eta nolakoa izan den ikusleen harrera espazio eszeniko horiek berriro irekitzean edo kaleko eskaintzan parte hartzean.
Seve Álava, Berrizko Udaleko kultura-teknikaria eta SAREAko kidea
SAREA. Nola antolatu duzue udarako kultura eskaintza: protokolo bat egin duzue, langileak prestatu dituzue? Zeintzuk izan dira erakunde honetan identifikatu dituzuen zailtasun nagusiak?
S. Álava. Hasteko, hiru galdera planteatu ditugu: zer eskaini, non eskaini eta nola eskaini. Lehenengo galderari erantzunez, baztertu egin ditugu Berrizen tamainako udalerri batean pertsonen segurtasuna bermatzeko zailtasun handiagoa ekar lezaketen ikuskizun jendetsuak, eta beste mota bateko ikuskizunak eta formatuak aukeratu ditugu. Bigarren gaiari dagokionez, programazioa herriko eskolako patiora eraman dugu, eskaintzen dizkigun ezaugarri fisikoengatik: leku zabala da, aire librekoa baina estalia, eta hesi batek inguratzen du. Eta hirugarren galderari dagokionez, protokolo bat egin dugu indarrean dagoen araudian oinarrituta, baina argia eta zehatza da:
- Espazioaren inguruko kontingentzia-plan bat egitea:
- Edukiera mugatua
- Garbiketa-plana
- Ikusleentzat:
- Sarrerak aldez aurretik erostea
- Sarreran eskuak garbitzea
- Pertsonen arteko 1,5 metroko segurtasun-distantziari eustea
- Maskara nahitaez erabili behar da sarbidean, irteeran eta lekuz mugitzerakoan.
- Eserita egoteko betebeharra
SAREA. Nolakoa izan da jendeak ezarritako protokoloei emandako erantzuna? Eta konpainiena?
S. Álava. Oro har, erantzuna positiboa izan da; jendeak naturaltasunez onartu ditu protokoloak, eta bete egin ditu. Nabari da jendeak bere gain hartu duela egoera.
Konpainiek ere behar bezala bete dituzte protokoloak, eta, gainera, oso eskertuta daude lanean aritzeagatik eta publikoarekin harremanetan jartzeagatik.
SAREA. Zer zailtasun antzeman dituzue ikuskizunen garapenean: protokoloak aplikatzean, doikuntzak egin behar izan dituzue hasierako planteamenduan?
S. Álava. Esan dudan bezala, normaltasunez igaro da dena. Agian, zerbait esatearren, planteatu zaigun zailtasuna eserlekuen gaia da; printzipioz, pertsonen arteko metro eta erdiko perimetroa errespetatzeko moduan kokatuta daude eserlekuak, baina badira familian edo taldean joaten direnak eta aulkiak mugitzen hasten direnak, nahiz eta behin eta berriro esaten diegun ez egiteko, baina batzuetan zaila da kontrolatzea.


