Sharunas Bartas, Naomi Kawase, François Ozon eta Thomas Vinterberg Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatuko dira
- DataUztailak 3
- Gaia Ikus-entzunezkoa
Sharunas Bartas, Naomi Kawase, François Ozon eta Thomas Vinterberg zinemagileak Donostia Zinemaldiaren 68. edizioko Sail Ofizialean lehiatuko dira, eta Dea Kulumbegashvili eta Takuma Sato errealizadore berrien lanak ere ikusi ahalko dira sail horretan.
Sharunas Bartas (Siauliai, Lituania, 1964) Cannes, Berlin, Venezia eta Locarnoko jaialdietan esperientzia duen autorea da, eta Frost (2017) eta Eurazijos aborigenas / Eastern Drift (2010) filmak zuzendu ditu (2014an, Eastern Promises. Ekialdeko Europaren erretratua 50 filmetan atzera begirakoan aukeratu zuten). Irailean Donostiara itzuliko da, In The Dusk filma mundu mailan estreinatzeko, Bigarren Mundu Gerraren ondoren Lituaniako okupazio sobietarraren aurkako mugimendu partisanoaren borrokari buruzko drama bat.
Naomi Kawasek (Nara, Japonia, 1969) maiz parte hartu du Donostia Zinemaldian, eta, aurten, Urrezko Maskorra eskuratzeko aukera izango du berriz ere, Asa Ga Kuru / True Mothers filmarekin (lehenbizikoz proiektatuko dute Europan); bi ama –bata biologikoa eta bestea adopziozkoa– aurrez aurre jartzen dituen mikrokosmos familiarraren esplorazio berri bat da. Errealizadore japoniarra Genpin (Fipresci Saria, 2010) eta Vision (2018) filmekin lehiatu da Sail Ofizialean, eta bere filmak Perlak sailean eta .doc – Ez-fikzioaren bide berriak (2010) eta Japoniako zinema independente berria 2000-2015 (2015) atzera begirako tematikoetan ere ikusi ahal izan dira.
Dea Kulumbegashvili (1986) gazte georgiarrak bere film laburrak estreinatu zituen Cannesko zinema-jaialdian eta Errealizadoreen Hamabostaldian, eta Dasatskisi / Beginning film luzearekin egingo du debuta. Filmak (Donostian proiektatuko da lehenbizikoz mundu mailan) Jehovaren lekuko batek eta bere familiak talde estremista batengandik eta herri georgiar urrun bateko poliziarengandik jasaten duten jazarpena kontatzen du.
François Ozon (Paris, 1967) Sail Ofizialera itzuliko den beste zinemagile bat da. Urrezko Maskorra eta Gidoi Onenaren Epaimahaiaren Saria irabazi ditu Dans la maison (2012) filmagatik, eta, besteak beste, Sous le sable (2000), Le refuge (Epaimahaiaren Sari Berezia, 2009) eta Une nouvelle amie (2014) filmekin lehiatu da. Errealizadoreak Zabaltegin (Regarde la mer, 1997) proiektatu zuen bere opera prima, eta Été 85 / Summer of 85 lanarekin lehiatuko da; nerabeen maitasunei buruzko kontakizun bat da, laurogeiko hamarkadarekin nostalgikoa erabat.
Zinemaldiak Takuma Sato (Akita, 1989) japoniarraren bigarren film luzea estreinatuko du mundu mailan, baita ere. Don 't Say That Word! (2014) filmari esker, hainbat sari jaso ditu Tokioko Pia zinema-jaialdian eta Busango nazioarteko jaialdian. Bere lan berriak, Nakuko wa ineega / Any Crybabies Around? izenekoak, Urtezahar-gauean biluzik eta mozkortuta korrika ari zela telebistak grabatu zuen gizon baten bizitzak izan duen aldaketa kontatzen du.
Azkenik, Thomas Vinterbergek (Kopenhage, 1969), azken hamarkadetako Danimarkako zinemagile adierazgarrienetako batek, Druk / Another Round filmaren Europako estreinaldiarekin parte hartuko du. Film honetan, Jagten filmean bezala (2012), Mads Mikkelsen aktorea da protagonista. Festen (1998) filmaren egileak (2007an Sukar izoztua atzera begirakoan programatu zen) esperimentu bitxi batean murgildutako hainbat irakasleren bizitza kontatzen du: lanaldian zehar intoxikazio etiliko maila bera mantentzea lortzen badute, euren buruak zabaldu, eta sormena areagotuko dutela uste dute.
In The Dusk, Asa Ga Kuru / True Mothers, Dasatskisi / Beginning, Été 85 / Summer of 85 eta Druk / Another Round daude aurten Canneseko zinema-jaialdiak 73. edizioa ospatzeko aukeratu dituen filmen artean, baina, COVID-19aren pandemiaren ondorioz, ezin izan dute jaialdia egin.
Datozen asteetan, Zinemaldiak 68. edizioko Sail Ofiziala osatuko duten gainerako lanen berri emango du. Jaialdia irailaren 18an inauguratuko du Rifkin’s Festival filmak (lehiaketaz kanpo), Woody Allenek zuzendutako komedia erromantikoak.


