"Kultura arnastu", herritarrak kulturarekin berraurkitzea bultzatzeko Nafarroako Gobernuak ateratako kanpainaren goiburua


  • DataUztailak 3
  • Gaia Ikusizko arteak, Arte eszenikoak, Musika, Ikus-entzunezkoa, Literatura, Artxibategiak eta Liburutegiak, Museoak, Ondarea, Artisautza, Bestelakoak

Ekimena kultur sektorera bideratutako neurrien barruan kokatzen da; oro har, 5,5 milioi euroko aurrekontu-egokitzapena egin behar izan da

Kultura eta Kiroleko kontseilaria den Rebeca Esnaolak gaur goizean aurkeztu duen komunikazio-kanpainaren bitartez, Nafarroako Gobernuak dei egin nahi dio gizarteari kultur espazioetara segurtasun-bermeekin itzul dadin eta sektorea bultza dezan, COVID-19ak eragindako krisiaren ondorioak jasan ondoren.

Goiburu gisa ‘Arnastu Kultura’ hautatu dute, eta irudietan adin desberdinetako hainbat pertsona agertzen dira aurpegian kulturaren arlo ezberdinei buruzko motiboekin marraztutako maskararekin; hala nola, musika, literatura, dantza, zinema, ondarea, antzerkia, artea edo folklorea. Kanpaina bat dator Nafarroa Suspertu 2020-2023 Planarekin.

Esnaolak honela berretsi du: “maskarak elementu komunak izango dira datozen hilabeteetan gure eguneroko bizitzan, baina ez dute eragotziko Kulturak transmititzen diguna arnastu eta sentitzerik”. “Kultura airea bezain beharrezkoa da gure biriketarako”, ziurtatu du. Aurkezpenean, Esnaolarekin batera izan da Kulturako zuzendari nagusia, Ignacio Apezteguia.

Kontseilariak adierazi du “kultur agenteak eta herritarrak kulturarekiko kontaktua berreskuratzeko, kulturarekin berraurkitzeko gogoz beteta daudela; hori dela-eta, kanpainak konektatze hori bultzatu behar du”.

Esnaolak Departamentuak kultur ehunari eskainitako laguntzak aipatu ditu eta gogoratu du “diru-laguntzen deialdiak egokitu egin direla oinarrietan egungo egoerarekin bat datozen elementuak sartzeko”. Halaber, esan du “Departamentuaren programa propioei eutsi egin zaiela, sormena eta Nafarroako agenteak erdigunean jartzen dituztelako eta proiektu berriak sortu direlako”.

Kultura eta Kirol Departamentuak aurrekontutik guztira 5,5 milioi euro jarri ditu programazio propioa aurrera ateratzeko, laguntzen deialdiak aldatzeko eta suspertzeko proposamen berriak sortzeko, tartean komunikazio-kanpaina hau.

Zehazki, laguntzen deialdiek ia 4 milioi euroko kostua izango dute, programa propioek –Erriberriko Jaialdia, DNA, Kultur, Landarte, Organoaren Zikloa, Lizarrako Antzinako Musikaren Astea eta Ondarearen Europako Jardunaldiak– 1,1 milioi eurokoa, eta aurreikusitako ekintza berriek, berriz, tartean, artea erostea, kultur programa berriak, aholkularitza bat abian jartzea edo Nafarroako Kulturaren Behatokiaren azterketak, 450.000 euro ingurukoa.

Kulturako zuzendari nagusia den Ignacio Apezteguiarentzat, kanpainak “Kulturaren balioa, Nafarroan duen ehuna eta aurreko hilabeteetan egokitzeko eta eskuzabalak izateko egin duten ahalegina nabarmentzen ditu; beraz, Nafarroako gizarteak ahalegin hori itzultzeko eta krisiak kaltetutako sektoreari laguntzeko aukera du orain”.

Era berean, honela azpimarratu du: “orain, normaltasun berrira itzultzen ari garela, herritarrak kulturara itzultzea animatu edo kulturarekin berriz lotzea bultzatu behar dira”.

Kanpainaren garapena

Komunikazio-kanpaina KEN agentziak diseinatu du, eta batez ere bi fasetan garatuko da –lehena uztailean eta bigarrena irailean– kultur ekitaldi askoko bi unerekin bat egiteko. Kanpainaren berri izango dugu komunikabideetan, kanpoko publizitatean eta sare sozialetan.

Alderdi grafikoan, adin desberdinetako pertsonak ikusten dira, aurpegian marraztutako maskararekin eta kultur irudikapen ezberdinekin. Aurpegiak Nekane Basterok margotu ditu, argazkiak Mikel Muruzabalek egin ditu eta bideoa Miguel Goñik.

Karteletan testu bat ere agertzen da mezua indartze aldera, eta, era horretan, arnastu hitzaren adiera batzuk eskaintzen dira; hala nola, ‘atseden hartu’, ‘lasaitu’ edo ‘giro freskoagoaz gozatu’, eta kulturaren ingurukoak ere bai.

Margotze-lanen prozesua sormen-ekintza moduan hartu da berez; beraz, lan hori nola garatu zen erakusten duen bideo bat ikus ahal izango da “making off” bidez.  

Informazio osoa iturriaren webgunean irakurri