Esti Urresola & Lara Izagirre: "La Incubadoran parte hartzea oparia da; inflexio-puntu bat"

  • Esti Urresola & Lara Izagirre:
zineuskadi.eu

  • DataMaiatzak 28
  • Gaia Ikus-entzunezkoa

The Screenen parte hartzeko aukeratuak izan ondoren, ‘20.000 especies de abejas’ filmari buruz hitz egingo dugu Estibaliz Urresola Solaguren zuzendariarekin eta Lara Izagirre ekoizlearekin. Beraiekin, proiektuaren egoeraz, mentoria garrantzitsuenean izan duten parte-hartzeaz eta etorkizunari begira dituzten proiektuez mintzatu gara.

ZINEUSKADI: Nola sortu zen ideia?

Estibaliz Urresola (E.U.): Ni Gariza Filmsek antolatutako arte-egoitza bat hasten ari nintzen, ‘Una habitación propia’ izenekoa,  dokumental bat garatzeko asmoz. Baina Ekairen suizidioa ezagutu genuen, Ondarroako mutiko transgeneroarena, eta ikaragarri hunkitu ninduen. Egun arraroak bizi izan nituen, batez ere, haren aitak hedabideetan idatzi zuen gutuna irakurri nuenean. Naizen elkartearekin harremanetan jartzera animatu nintzen, lehen Chrysallis Euskal Herria zena, eta niretzat ezezaguna zen errealitate horretan sartu nintzen. Larari galdetu nion ea egoitzan egiten ari ginen proiektuaren norabidea pixka bat aldatu genezakeen, semearen transexualitatea bizi behar duen familia baten istoriora moldatzeko. Ez da Ekairen historian oinarritutako lana; izan ere, originala da, baina oso oinarritua dago elkarteko guraso askorekin izan ditudan kontakizunetan eta elkarrizketetan. Nire lanetan, fikzioa egiten dudanean, asko dokumentatzen naiz, eta, dokumentalak egiten ditudanean, fikziozko tresna asko erabiltzen ditut istorioak kontatzeko.

Zein izan zen Gariza Filmsek abentura honetan murgiltzea erabakitzeko gakoa?

Lara Izagirre (L.I.): Arte-egoitzaren helburua emakumeek sortutako proiektuak aktibatzea zen. Hasieran ez zegoen erabakita proiektu horiek ekoitziko genituenik, egia baita azkenean ekoiztetxe txikia garela eta proiektu gutxi egiten ditugula. Erabakia geroago iritsi zen. Estik gidoi-bertsio batekin amaitu zuen egoitza, eta, gero, berak bakarrik garatu du urte eta erdian. La Incubadorara aurkezteko berriro elkartu ginen. Aukera hori oparia iruditzen zait niri, estatu mailan onena dela uste baitut. Gemmak proiektuarekin benetan ari ginen ala ez jakiteko azken elkarrizketa egin zigunean, jainkoaren seinale gisa hartu nuen. Oso zaila da bertan hautatua izatea: 200 proiektu edo gehiago aurkezten dira, eta bost baino ez dituzte aukeratzen. Gu Gariza Filmsen bi aldiz geratu ginen finalista. Oraingoan interes handiagoa zegoela ikusi nuen, azken elkarrizketa horretara ez baiginen inoiz iritsi,  eta hartu egingo gintuztela pentsatu nuen. Estiri esan nion hori izan zitekeela nire lehen filma ekoizle nagusi bezala.

Esti, bere garaian aitortu zenuen ‘20.000 especies de abejas’ «ez dela soilik haur-transexualitateari buruzko filma izango. Harago doala». Zer ekarri du film luze honek?

E. U.: Iruditzen zait haurren transexualitateari buruzko film gehienak lehen pertsonatik kontatuta daudela, pertsonaiaren jarraipen gisa. Zintzo jokatu nahi nuen, halaber, errealitate horren aurrean dudan jarrerarekin; izan ere, nik ez dut bizi izan ez lehen pertsonan ez hurbileko kasu batean, eta sentitzen dut asko lotzen naizela familiako gainerakoek senti dezaketen emozio horrekin. Horregatik, asko interesatzen zitzaidan hori islatzea; ez dut alde batera uzten pertsonaia nagusietako bat, Lucia, neskato transexual hau, baina funtsezkoa iruditzen zitzaidan familiako gainerako kideek egiten duen bidaia pixka bat erakustea. Transexualitatea gure identitatearekin loturiko gaia da beti; garena bezala onartuak eta maitatuak izateko beharrarekin erlazionatuta dago. Azken batean, horixe bera gerta dakieke familiako gainerako kideei, eta familian benetan zer diren onartzen ez duten bitartean, bakardadea sentituko dute. Hor berdintzen gaitu istorio honek; esan nahi dut ez duela soilik transexualitatearen gaian jartzen arreta, azken finean, nortasun baten bilaketan eta familian duen onarpenean jartzen du. Azkenean, denak elkarrekin lotuta daude, eta batek abiarazten dituen mugimenduek gainerakoei ere eragiten diete.

Informazio osoa iturriaren webgunean irakurri