Bego Montorio: «Itzultzailea ez da bitartekari garden bat, itzulpenean eragiten du»
- DataMaiatzak 26
- Gaia Literatura
Itzulpengintza ertz askotatik ezagutzen eta lantzen du Bego Montoriok, eta begirada kritikoz aztertzen du beti bere jarduna eta ingurua. Elkarrizketa honetan hiru ardatz nagusi izan ditugu hizpide: komikien itzulpena, EIZIEren azken urteotako egitekoa, eta Itzulpengintza eta Interpretazioko ikasketen bilakaera.
Duela gutxi emakume itzultzaileen presentzia urriaz gogoeta egiten irakurri zintugun hemen, Hitzen Uberanen, Itziar Diez de Ultzurrunekin eta Ana Moralesekin batera. Ez dizut gaiaz berriro galdetuko, baina jakin nahiko nuke zer ekarpen egin dizun zure kontzientzia feministak itzulpengintzari dagokionez.
Itzultzen hasi nintzenean, feministatzat neukan neure burua, baina denbora luzean, itzulpengintza hortik aparteko zerbait izan da niretzat, eta seguruenik inguru oso maskulinoa izateak eragina izango zuen horretan. Konturatu naiz niretzat itzulpengintza eta feminismoa lotzea itzultzaileok itzulpenean benetan zer eragin daukagun ohartzearekin batera joan dela. Itzultzen hasi nintzenean helburua zen nolabait itzultzailea desagertzea, gardena izatea, baina, gero, konturatu nintzen itzultzailea ez ikustearen kontu hori gezur ikaragarria dela. Tira, neurri batean badu bere funtsa: itzultzaile beraren zazpi itzulpen irakurtzen badituzu, bat Audenena, bestea Montesquieurena... eta denei itxura bera hartzen badiezu, zerbait ez dabil ondo, atzean dagoen autorea identifikatu behar duzulako, noski. Baina, hasieran, itzultzailea bitartekari garden bat dela eta itzulpenean eragiten ez duela onartzen nuen, eta horregatik pentsatzen nuen feminismoak ez zuela tokirik itzulpengintzan. Harik eta konturatu nintzen arte hori ez dela egia, itzultzeko irakurri egiten dugulako denok, eta geure burutik pasatzen dugu irakurritakoa. Itzultzaileok geure burua, geure pentsamendua, geure irakurketa jartzen dugu itzulpenean. Eta horretaz ohartzean jabetu nintzen ideia feministek edo garatu nahi nuen praktika feministak bazutela tokia itzulpengintzan. Adibide oinarrizko bat aipatuko dizut: gaztelaniara itzultzean, uste dut maskulino generikoa erabili izan dudala inongo kezkarik gabe. Ez nintzen konturatzen hori aukera bat zela, nagusi den ideologiarena. Izan ere, ideologiarik ez dagoela esaten denean, ideologia nagusia onartzen dugulako da. Bada, urte asko eman ditut horretaz ohartu gabe. Orain, beste modu batera egingo nuke. Liburu batzuetan, igual ez nuke aldatuko, baina badakit noiz jarraituko dudan araua, noiz ez, zergatik... Orain kontziente naiz hartzen ditudan aukerak ez direla berezkoak, erabakiak direla. Gogoan dut, adibidez, Maria Reimondezen hitzaldi bat. Berak oso landuta dauka gaia, eta hitzaldi hura eta beste momentu batzuk argi bat bezala izan dira niretzat. Konturatu behar dugu erabaki asko hartzen ditugula itzultzaileok, eta horretaz jabetu ezean korronte nagusi batera biltzen ari gara ohartu gabe. Horrek eraman nau konturatzera emakume itzultzaile bezala banuela zer pentsatu eta jokamoldeaz zer hausnartu.
Komiki itzultzaile gisa ezagutzen zaitugu, besteak beste. Argian hasi zinen, TXT izeneko separata hartan, eta gaur egun Bilboko Astiberri argitaletxeak euskaraz argitaratzen hastea erabaki zuenetik haien itzultzaile kutuna zara.
Niretzat opari bat izan da. Komikizalea nintzen komikiak itzuli baino lehen, eta orduan ez nuen pentsatzen horretan jardun nezakeenik. Argiako hartan, Corto Maltese itzuli nuen, nire maitasun platonikoa (kar-kar). Gero, tarteka egon dira beste gauza batzuk, Jean-François Saurérentzat, Txalapartarako obra oso polit bat (Munduko bandarik txarrena)... Eta Astiberrikoek komikiak euskaratzen hasi nahi zutela esan zidatenean, bada, belarriekin txaloka hasi nintzen. Asko gustatzen zait generoa eta beti da plazer bat.
Lehen itxura batean, behintzat, badirudi Astiberriren bitartez euskaratzen ari den komiki produkzioa gora egiten ari dela, euskal marrazkilarien lanak ere aurkezten dira... Euskarazko komikiaren pizkunde halako bat ote da? Edo espejismo bat agian?
Euskal sortzaile bati, komikigile bati galdetuz gero, ziurrenik esango dizu hala ematen duela baina, egiaz, gehienek ez daukatela argitaratzeko biderik. Hala ere, egia da komikiak prestigioa hartu duela. Luzaroan, jende askorentzat, komikia umeentzako bazter genero bat zen, Asterix, Tintin eta gauza didaktikoren bat. Kito. Gaur egun ez da hain hola. Kulturaren esparru desberdinak (musika, irudiak, testua) uztartzen dituzten ekimenek indarra eman diote komikigintzari; lehen ez bezala, irakurle klubetan eta, helduentzako komikiak irakurtzen dira. Era berean, euskal argitaletxe batzuek helduentzako labela duten horrelako gauzak egin dituzte sona duten idazleekin; Harkaitz Canok, adibidez, zenbait komikitarako gidoiak egin ditu. Horrek ere prestigio hartze bat ekarri du. Beti ere, euskarazko munduaren mugekin; duela gutxi Astiberrikoek salmenten laburpena bidali zidaten eta zenbakiak, gaztelaniazkoekin konparatuta minimoak badira ere, ez ziren txarrak. Saltok edo Pilula urdinakek 300na ale saldu badituzte, asko dela uste dut, irakurle potentzialak kontuan hartuta. Izan ere, zenbat dira euskal irakurle helduak? Eta horietatik kendu komiki bat sekula irakurriko ez dutenak interesik ez dutelako edo generora inoiz hurbildu ez direlako. Hartzaile posibleak gutxi dira; horregatik, niretzat, kasik mirari bat da komiki euskaratuak argitaratzea. Eta eskerrak Astiberrik eta beste argitaletxe batzuek baduten egitura bat, bestela oso zaila baita hain irakurle multzo txikirako argitaratzea. Ladis Arrosagaraik eta Roger Labianok sortutako Antxeta argitaletxearen esperientzia da adibide bat, zenbait komiki itzulita argitaratu zituzten, Corto Malteseren obra pare bat horien artean, baina ezin izan zuten aurrera egin. Garestia da komikia argitaratzea, koloretan bada are gehiago, eta hori errentagarri egitea oso zaila da. Laburtuz: hedatu da, bai, eta batez ere, irakurleak irabazi ditu. Agian, orain umeek gutxiago irakurtzen dituzte komikiak. Gaur egun, Xabiroi kenduta, ez dago komiki aldizkaririk, eta pena da, aldizkariek, literaturan bezalaxe, asko laguntzen dutelako, lurra lantzen dute.


