David Pérez Sañudo: "Ziurgabetasun egoera honetan, zailtasuna aukera bihurtzea espero dugu"

  • David Pérez Sañudo:
zineuskadi.eu

  • DataMaiatzak 13
  • Gaia Ikus-entzunezkoa

‘Ane’ filmak hainbat aintzatespen jaso ditu Malagako zinema-jaialdiko Work in Progress atalean: irudi postprodukzioaren ‘Aracne Digital Cinema’ saria, nazioarteko banaketarako ‘Latido Films’ saria eta Music Library Spanish WIP saria. Lorpen horien inguruan mintzatu gara David Pérez Sañudo zuzendariarekin, eta Amania Films produkzio-etxean zer beste proiektutan ari diren lanean azaldu digu.

ZINEUSKADI: Zer garrantzi dute hiru aintzatespen horiek filmerako? Horietakoren bat nabarmenduko zenuke bereziki?

David P. Sañudo: Malagako zinema-jaialdiko Industria sailean parte hartu genuen sektorearen erantzuna neurtzeko helburuarekin. Filmaren harrera ezagutu nahi genuen; zerbait aldatu behar ote genuen ikusi, gehien nabarmentzen dituzten elementuak identifikatu eta abar. Alde horretatik, esango nuke oso positiboa izan dela esperientzia, erantzun onak jaso baititugu.

Hiru sariak, bakoitza bere erara, eskertzekoak dira eta lagungarriak izango zaizkigu. Egia da Latido Films-ek emandakoak asko pozten gaituela, ekoizpen-etxe gisa ditugun mugak gainditzen eta pelikula hobeto aurkezten eta mugitzen lagunduko baitugu. Beren babesa izatea luxua da.

Z: ‘Ane’ filmaren zuzendari, gidoilari eta ekoizle zara. Nolakoa izan da esperientzia hori?

DPS: Idazketa-prozesua oso gogorra eta luzea izan da. Hasteko, nabarmendu behar dut Marina Paresekin batera egin dudala. Berak ere lan handia egin du eta, zoritxarrez gidoilariekin gertatu ohi den bezala, ez nuke nahiko ikusezin geratzea. Era berean, azpimarratuko nuke prozesu horretan gogo-aldarte, ilusio, ziurgabetasun... asko daudela, eta fase horrek nolabaiteko izaera ziklotimikoa dakarrela, joan-etorriz josita egoten baita. Baina fase horretan dago atsedenaldi eta intelektualizazio handiena. Zorionez, Joanes Urkixoren, Mar Collen eta Borja Cobeagaren laguntza izan dugu.

Bigarrenik, esango nuke zuzendaritza-fasea gogorra, bizia, zirraragarria... izan dela. Ez zen film erraza bost astetan grabatzeko. Ikaskuntza handia izan da. Filmatzen amaitu eta hurrengo egunean, egin ezin izan denari buruz pentsatzen duzu, lortu ezin izan duzunari buruz... Asteak igarota, ahalik eta baliorik handiena ematen diet aurkitu ditugun sorpresei, hasi aurretik espero baino hobeto atera diren gauzei. Inoiz ez nuen horrelako esperientziarik bizi, baina egia da zaila dela distantzia hartzea. Pixkanaka filmarekin adiskidetzen joaten zara.

Amaitzeko, ekoizpenean bestelako presioak daude. Hala ere, nahiz eta egia den lau urtez produkzioarekin oso inplikatuta egon naizela, primerako laguntzaileak izan ditut: Katixa de Silvak ekoizpen exekutibo lan handia egin du, eta Elena Maesok, Agustín Delgadok eta David Blankak ekoiztetxeko erronka handienei aurre egin diete.

Informazio osoa iturriaren webgunean irakurri