Bilbok salbuespenezko 50 neurri baino gehiago dituen 15 milioi euroko plana onartu du gizarte-kohesioa, ekonomia eta enpleguaren susperraldia eta kultura sustatzeko
- DataMaiatzak 8
- Gaia Ikusizko arteak, Arte eszenikoak, Musika, Ikus-entzunezkoa, Literatura, Artxibategiak eta Liburutegiak, Museoak, Ondarea, Artisautza, Bestelakoak
Bilboko Udalak gaur onartu du #BILBAO AURRERA deritzon Gizarte Kohesiorako, Ekonomia eta Enplegua Suspertzeko eta Bilboko Kulturaren aldeko Neurrien Plana, COVID-19ak eragindako egoerari aurre egiteko.
Asmo handiko plan honen aurrekontua 15 milioi eurokoa da, urte honetan bertan abiaraziko diren salbuespenezko 50 neurriren inguruan antolatuta.
Bilboko Udaleko alderdi politiko guztiek sektorerik kaltetuenen adostasunaz sinatu duten agiri honek arreta berezia eman die Hiriko PERTSONEI eta Enpresei, bereziki tokiko merkataritza txikiari, ostalaritzari eta jatetxeei, baita turismoari eta kultur eta sormen industriei ere.
Bilboko Udalak Larrialdi sozial, ekonomiko eta kulturaleko plana onartu du gaur. Planak #BILBAO AURRERA deritzon Gizarte, Ekonomia eta Kultura arloetako Larrialdi Plana onartu du gaur, 15 milioi euroko inbertsioa eta 50 neurri baino gehiago tarteko dituena, COVID-19aren osasun-krisiak eragindako kalteak arindu eta Hiriko PERTSONAK eta ENPRESAK suspertu eta berraktibatzeko helburuz.
Asmo handiko plan hau azken bi asteotan landu du Udal Gobernu Taldeak. Udaleko talde politikoekin osatu eta adostuta, eta beste erakunde batzuekin koordinatuta. Gainera, hainbat batzar egin dira krisiaren eragina zuzenean pairatu duten sektore eta eremu profesionalekin: merkataritza, ostalaritza, kultura eta abar.
Behin betiko agiria gaur aurkeztu da modu ofizialean Arabiar Aretoan, talde politiko guztiek sinatu ostean: EAJ/PNV eta PSE-EE (PSOE), Gobernu Taldearen izenean, EH BILDU, ELKARREKIN BILBAO-PODEMOS/ EZKER ANITZA-IU/ EQUO BERDEAK eta PPrekin batera. COVID-19aren pandemia hasi zenetik, hauxe Udalak egin duen lehendabiziko ekitaldi instituzionala da, apirileko udalbatzarraz gain, eta modu erdi-presentzialean egin da, streaming bidez, segurtasun neurriak betetzearren.
PLANAREN GAKOAK
Plana sinatu ondoren, Juan Mari Aburto Bilboko Alkateak bertan bildutako gakorik garrantzitsuenak azaldu ditu. Izan ere, Planak 15 milioi euroko aurrekontua du, Udalak osorik ordaindutakoa, hiru eremu zehatz hauei bideratuta: Gizarte-Kohesioa (2,2 milioi baino gehiago), Ekonomia eta Enplegua (11,4 milioitik gora), eta Kultura (1,3 milioi baino gehiago).
Bilboko udalburuak azaldu duenez, salbuespeneko eta behin-behineko jarduketa-neurriak dira, 2020ko ekitaldian aplikatu beharrekoak, epealdirik latzena izango delakoan.
Gainera, neurri horiek guztiak beste administrazio batzuek sortutakoekin koordinatu eta osatuko dira.
Daturik garrantzitsuenen artean, berariaz nabarmendu behar da Plana kalte gehien jaso duten sektoreei egokitzeko asmoa: bertoko merkaritza txikia, ostalaritza eta jatetxeak, turismoa eta kultur eta sormen industriak.
Ekintza sorta hau zenbait zeharkako printzipioen arabera antolatu da: malgutasuna eta egokitzeko ahalmena; baliabideen inpaktu handiena bilatzea; inbertsio eta gastuaren arteko oreka, pertsonen beharrizanei erantzunez baina hiriaren inbertsio estrategikoen indarra galdu gabe; barne nahiz kanpo digitalizazioa areagotzea, eta beste erakunde eta hiri batzuekin batera lan egitea eta parte-hartzea indartzea (lankidetza publiko-publikoa eta publiko-pribatua), betiere 2020rako aurreikusita zegoen Garapenerako Lankidetzarako laguntzen ehunekoari eutsiz.
Modu berean, epe ertain eta luzeko beste ildo eta planteamendu estrategiko batzuetan lan egiten jarraitu gura dugu, egoerari buelta emateko asmoz.
-NEURRIAK, ATALKA-
GIZARTE-KOHESIOKO NEURRIAK: PERTSONAK
Neurri hauen bidez, koronabirusaren ondorioz bereziki arriskuan dauden eta konfinamenduaren ostean arreta berezia beharko duten hiriko pertsona kalteberei “ezkutu sozial” bat eskaini nahi zaie. Atal honetan, lau pertsona motarentzako ekintzak daude:
- Diru-sarrerarik ez dutenentzat.
- Adineko pertsona kalteberentzat.
- Bazterketa egoeran dauden pertsonentzat.
- Familia eta umeentzat.
-
- DIRU-SARRERARIK EZ DAGOEN KASUETAN, gizarte larrialdiko laguntzak indartzen dira, Eusko Jaurlaritzak emandako dotazioari gehigarri bat erantsiz, etxeak mantentzeko eta elikagaietarako oinarrizko premiak asetzeko. Gainera, aldirokoak ez diren udal laguntza berezien programa berezia sortuko da (625.000€). Udalak % 100ean finantzatzen duen programa bat da, koronabirusaren ondorioz diru-sarrerarik ez daukaten edo diru-sarrera gutxiago dituzten baina GLL-ak jasotzeko baldintzak betetzen ez dituzten pertsonei laguntzeko. Halaber, eten digitala murriztearen alde lan egingo da (100.000€) Bilboko doako Wifi sarea estaldurarik kaskarrena duten auzoetara hedatuz.
- KALTE-ARRISKUAN dauden adineko pertsonen kasuan, adineko pertsonei lagun egiteko “Urrats bat gehiago” udal programaren diru-hornidura handituko da (150.000 euro) eta etxebizitza komunitarioko fondo bat sortuko da (560.000 euro) beste bizileku bat behar duten pertsonentzat. Helburua da isolamenduko egoerak eta mendetasuneranzko ibilbideak saihestea.
- BAZTERKETA EGOERAN dauden pertsonentzat, etxerik gabeko pertsonei bizilekua emateko funts berezia sortu da. Fondo hau beste erakunde batzuekin batera sortu da, aldi baterako alojamendua (janaria barne) eskaini ahal izateko, administrazio eskudunek gizarte-baliabide espezifikoak sortu ditzaten, koronabirusak eragindako konfinamendu egoeraren ondorioz diagnostikatutako profil guztiei egokituak. Ekarpena: 1.000.000 € (erakunde artekoa) eta 375.000 € (Bilboko Udala).
- FAMILIENTZAKO ETA UMEENTZAKO neurrien artean, arreta bermatu nahi da (360.000 euro). Babesgabezia egoerak eta familia barruko gatazkak detektatu eta arreta emateko dauden programak indartzea eta egokitzea, horrelako egoerak konfinamenduaren ondorioz larriagotu direnean eta esku-hartzea eskatzen dutenean. Era berean, baliabide ekonomikoetarako sarbidea bermatuko zaie genero-indarkeriaren biktima diren emakume guztiei eta haien mendeko pertsonei (50.000€). Beharrezkoa balitz, genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako programak indartu eta egokituko dira, erakundeekin koordinatuta, konfinamenduak larriagotutako babesgabetasun-egoerak eta familia barruko gatazkak detektatu eta artatzeko, baldin eta esku-hartze psikosoziala edo sozioedukatiboa behar badute.
- Harrera-etxeetako emakume guztientzako diru-laguntzen zenbatekoa aurreratzea eta laguntza horien izapideak eta prozedurak erraztea.
KULTURAREN ARLOKO NEURRIAK
- Kultura bonua: 500.000 €.
- Espazio publikoan kultur eta sorkuntza industriei lotutako jarduerak sustatzea, auzoetan bizitasuna sortzen dutenak: 300.000 euro.
- Bertoko kultur merkataritza sustatzea, lokalen barruan formatu txikiko jarduerak eginez: 100.000 euro.
- “Artistak koronabirusaren aurka” proiektua: 100.000 euro.
- Ikus-entzunezko ekoizpenen sektorea babestea, hiria sustatzeko ikus-entzunezko funtsa sortuz: 100.000 euro.
- Kultur proiektuen poltsa berezia: 200.000 euro.
- Harrobia ekoizpen eszenikoko berrikuntza-zentroari zuzendutako aparteko babesa: 28.000 euro.
- Kultura Sailak hiriko kultur elkarteei ematen dizkien dirulaguntzak mantentzea.
- Bertan behera geratu diren eta bertoko kultur eragileei eragiten dieten jarduerak berriro programatzea.
- Udalaren kultur ekipamenduek bertoko kultur eragileen eta euskal kultur ekoizpenaren aldeko konpromisoari eustea.
EKONOMIA ETA ENPLEGUAREN ALDEKO NEURRIAK
Atal honetan, #Bilbao Aurrera Planak ekonomia eta enplegua suspertzeko inpaktuzko neurri ugari jaso ditu, toki-erakunde gisa ahalik eta azkarren ezarri ahal izateko.
Nabarmentzekoak dira, besteak beste, honako hauek:
ENPRESENTZAKO PIZGARRI FISKALAK. Zerga eta tasen aparteko murrizketak eta hobariak; horrek esan nahi du 3 milioi euro gutxiagoko diru-sarrerak izango direla.
- Murrizketak izango dira honako hauetan: Eraikuntzen, instalazioen eta obren gaineko zerga eta Obra-lizentziaren tasa. Lokalak zabaltzeagatik eta jartzeagatik eta jarduerengatik eta instalazioengatik emandako zerbitzuen tasa.
- Hobariak: Udal jabari publikoaren erabilera pribatiboaren eta aprobetxamendu bereziaren tasa, mahai, beilari, aulki, karpa, loreontzi, eguzkitako edo antzeko instalazioen erabilerari dagokionez. Udal jabari publikoaren erabilera pribatiboaren eta aprobetxamendu bereziaren tasa, erakusleihoak, bitrinak, dekorazio portadak, olanak eta markesinak jartzeari dagokionez. Zaborren tasa. Autotaxien lizentzien tasa: ordainketa horretatik erabat kanpo 2020ko ekitaldian.
- Enpresen zerga-zorrak interesik gabe geroratzea, betiere 2020ko ekitaldian ordaintzen badira.
- Neurri espezifiko horiez gain, gogoratu behar da Bilbon Nahierako Ordainketa figuraren abantailak ditugula.
Gaur onartutako #Bilbao Aurrera Planak EKONOMIA ETA ENPLEGUA SUSPERTZEKO 30 bat neurri ere proposatu ditu. Nabarmentzekoak dira, besteak beste, honako hauek:
- Saltokien, mikroETEen, autonomoen eta ekintzaileen lehiakortasuna berreskuratu eta hobetzeko zerbitzu bereziak edo apartekoak (580.000 euro).
- Eragindako sektore ekonomikoetako saltoki, mikroETE eta autonomoentzako zuzeneko laguntza ekonomikoak, beharrezko inbertsioak egiteko, agintari eskudunek ezartzen dituzten osasun-protokoloen ondorioz (500.000 €). Hainbat kontzeptu sartuko lirateke, hala nola eremuen isolamendua, banaketak, urruntzeak, etab
- Zuzeneko kontsumorako pizgarriak Bilbon, merkataritzarako, ostalaritzarako, jatetxeetarako eta turismorako bonu espezifikoekin. (berariazko aurrekontua: 2.650.000€).
- Hiriko turismoa sustatzeko ezohiko ekintzak (hurbileko merkatuei begirako ekintzak, hala nola Euskadi, Estatua eta Frantziako hego-mendebaldea; alderantzizko sustapen-ekintzak turoperadore eta preskriptoreekin, sustapen digitaleko indargarriak) 450.000 €.
- Auzoetako merkataritza-jarduera dinamizatzeko ezohiko ekintzak: Bilboko barrutietako elkarteei eta sektoreko beste eragile ekonomiko batzuei laguntza teknikoak eta ekonomikoak ematea, horiei eusteko, kudeatzeko eta sustatzeko (350.000€). Bilboko barrutietako merkatarien elkarteei laguntza ekonomikoa ematea, urtero ematen zaien diru-laguntza izenduna % 100 handituta eta eskainitako laguntza teknikoa indartuta.
- Ostalaritzako gaueko ordutegien ebazpena aldatzea, alarma/konfinamendu egoeran hartu gabeko egunak berragendatzeko aukera emanez.
- ENPLEGUA: Enpleguko plan orokorrak 2020-2021. Gazteen 2020-2021 enplegu-planak eta enplegu-plan bereziak. (udal aurrekontua: 2.250.000€).
- Bilboko Udal Etxebizitzen merkataritza-lokaletako alokairu-kuoten salbuespenak eta hobariak (diru-sarreretan 340.000 € gutxiago)
- Etxebizitzak birgaitzeko obra txikietarako laguntzen programa berezia (500.000€).
- Kanonaren ordainketan salbuespenak eta murrizketak, udal emakiden bidez garatutako jarduera ekonomikoetarako (diru-sarreretan 50.000 € gutxiago).
- Tokiko enpresei kontrataziorako sarbidea erraztea (600.000 €). Honako neurri hauen bidez, besteak beste: kontratazio publikoan kontratuak gizarte-ekonomia solidarioko enpresentzat gordetzea, kontratazio publikoan klausula sozialak txertatzen aurrera egitea eta lizitazio publikoko prozesuetan tokiko enpresa txiki eta ertainei prestakuntza espezifikoa ematea
- Udalak eta haren mendeko erakundeek ETEei eta autonomoei ordaintzeke dituzten fakturak eta ziurtagiriak berehala ordaintzeko muga handitzea. Fakturen berehalako ordainketaren egungo muga (1.203 €) 3.000 €-ra arte handitzea.
- Udal merkatuetan garatutako jarduera ekonomikoetan, salbuespenak eta murrizketak kanonaren zein mantentze-gastuen ordainketan, alarma-aldian koronabirusaren pandemiaren eraginpean egon badira (100.000 €). 6 hilabetera arteko ordainketaren % 100eko salbuespena, ixtera behartuta egon diren jardueretarako, eta % 50eko murrizketa, ixtera behartuta egon ez diren kaltetutako jardueretarako.
- Terrazetan espazio publikoa gehiago okupatzeko irizpideak malgutzea, enpleguari eusteko eta gizarte-tartea mantentzen laguntzeko.
- Kanonaren ordainketan salbuespenak eta murrizketak udal-merkatuetan garatutako jarduera ekonomikoetarako (diru-sarrera txikiagoa 100.000 €).


