Roberto Gómez de la Iglesia: «Merkatu prekarioetan hain ohikoa den "eta nirea zer" horretatik, "elkarrekin noraino" batera pasatu behar gara»

  • Roberto Gómez de la Iglesia: «Merkatu prekarioetan hain ohikoa den
    Roberto Gómez de la Iglesia, Conexiones improbables-en zuzendaria./ Yone Estivariz

  • DataApirilak 16
  • Gaia Ikusizko arteak, Arte eszenikoak, Musika, Ikus-entzunezkoa, Literatura

Roberto Gómez de la Iglesiarekin hitz egin dugu, Conexiones improbables-en zuzendariarekin, enpresa eta sormena hibridatuz berrikuntza-proiektuak sustatzen dituen plataformarekin

Conexiones improbables 2010ean hasi zenetik, ehunka proiektu sortu dira, bai Euskadin, bai atzerrian. Plataforma Gasteizen kokatutako c2+i, Kultura, Sormena eta Berrikuntza aholkularitza-enpresatik sortu zen, Roberto Gómez de la Iglesia ekonomialari eta kultura-kudeatzaileak zuzenduta. Harekin hitz egin genuen aipatutako proiektuari buruz, bai eta COVID-19aren krisiari buruz ere.

Conexiones improbables proiektuan eta ikuspegian zentratu aurretik, COVID-19ak eragindako egoera hori guztia nola bizitzen ari zareten jakin nahi genuke.

Egia esan, biharko eguna nolakoa izango den ziur izan gabe. Zorionez, oraindik proiekturen bat amaitzen ari gara eta barne-gaietan telelana egiten, proiektu gehienak bertan behera utzi ez direnean atzeratu egin baitira. Eta, bistan denez, ez dago ezer merkaturatzeko aukerarik.

Egoerak etorkizuneko estrategia batzuk birpentsatzera garamatza, batez ere gure nazioartekotze-prozesuari ekiteko moduari dagokionez, orainaldirako egokiagoak diren proiektu zahar batzuk kaxoitik ateratzen eta abar. Nire lagun Eduard Mirallesek esaten zuen bezala: “Ez dakigu nora helduko garen, baina gero eta gutxiago geratzen da”.

Zeintzuk dira, zure ustez, epe laburrean euskal kultur sektoreari laguntzeko beharrezkoak diren premiazko neurriak?

Askotarikoak dira, eta dagoeneko hainbat dokumentu propositibo mugitzen dira sareetan. Diru-laguntza generikoak eta abar alde batera utzita, kontuan hartu behar da sektore horren berezitasuna. Erakundeen %98 3 langile edo gutxiagokoak dira, gehienak autonomoak, batzuetan aldizkako profesionalak.  Deitzeke dauden diru-laguntzen programak eta geldirik dauden kontratazioak bizkortu behar dira; aldez aurretik hartutako konpromisoak betetzeko epeak malgutu behar dira; ikuskizunak, prestakuntzak, bertan behera utzitako edo geratutako ekitaldiak birprogramatu behar dira, baina logikaz egin behar da, ezin baitugu kultur merkatua paroxismora arte tentsionatu 2020ko azken hiruhilekoan; epe labur eta luzerako finantzaketa lortzeko bidea erraztu behar da, sektorearen berezitasunak ulertuta, batez ere diruzaintzako beharrak; fakturak azkar ordaintzea…

Une horretan ikusiko da benetan sektorearen bultzada esaten den bezain garrantzitsua den. Kudeaketa edo beste alderdi batzuk babesteko deialdi asko daude oraindik, baian euren dimentsioa dela eta sektoreko erakundeen % 2k baino ezin dute horietara jo. Malgutu edo hil egingo gara.Hori argi dago. Eta bada garaia proiektuak eta egiturak finkatzeko ere. Eta horrek ausardia eskatzen dio sektoreari eta eremu politikoari ere.

Oraindik konfinamendu eta ziurgabetasun asteak geratzen zaizkigun honetan, nola imajinatzen duzu etorkizuna, epe ertainera, euskal kultur sektorearentzat?

Arteak, kultura, sormena eta pentsamendua eztabaidaren erdigunean jartzeko gai izan behar gara. Gure tramankuluetan pentsatzeari utzi, eta mundua eraldatzeko zer ideia, begirada, metodologia eta abar ditugun pentsatzera pasa. Merkatu prekarioetan hain ohikoa “eta nirea zer” horretatik, gizarte aurreratuen eremu den “Elkarrekin noraino” batera pasa behar gara. Hori lortzen ez badugu etorkizuna oso iluna izango da. Erakundeen hilkortasuna oso handia izan daiteke. Eta “guztiontzako pixka bat” moduko etika batetik, etika utilitarista batera igarotzeko unea izango da, oso ondo pentsatu beharko baita nor salbatzen dugun, gogorra badirudi ere.

Izugarriena, izan ditzakegun drama pertsonalak eta amets hautsiak alde batera utzita, gal dezakegun esperientzia eta ezagutza da. Pobretze kolektiboa alegia. Baikorra izatea gustatuko litzaidake, eta sinestea hurrengo egunean, osasun publikoarekiko estimu handiagoa izateaz gain, Errenazimentu berri bat gertatuko dela, non arteak eta zientzia gizartearen leku pribilegiatuan kokatzen diren, begirada pertsonengan jarrita. Bai, baikorra izan nahiko nuke. Edo gutxienez behar dut. 

Informazio osoa iturriaren webgunean irakurri