2021eko udara arte atzeratu dute Boiseko Jaialdia, koronabirusagatik
- DataApirilak 7
- Gaia Ikusizko arteak, Arte eszenikoak, Musika, Ikus-entzunezkoa, Literatura
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, uztailean egitekoa zen aurtengo Jaialdia 2021eko uztailaren 27tik abuztuaren 1era bitartean egingo dute.
Uztailean egitekoa zen 2020ko Boiseko Jaialdia urtebetez atzeratu dute, 2021eko udara arte, koronabirusagatik. Hortaz, Ameriketako Estatu Batuetako Idaho Estatuko hiriburuan bost urtean behin egiten duten Jaialdia 2021eko uztailaren 27tik abuztuaren 1era bitartean egingo dute; ohi bezala, euskal diasporaren garrantzia oso handia den hiri horretan gauzatuko dute.
"2020ko Jaialdia 2021eko Jaialdia da orain! Aurtengo Jaialdia koronabirusagatik atzeratu dugu, baina zuekin guztiekin egiteko irrikan gaude, 2021eko uztailaren 27tik abuztuaren 1era bitartean. Munduko euskal jaialdirik handienetakoa da, Boiseko euskal komunitateak guztioi egiten dizuen oparia. Bost urtean behin, milaka lagun etortzen dira Idahora, planeta osotik, dantzatzeko, jateko, musika jotzeko lagun zaharrekin biltzeko, eta lagun berriak egiteko", adierazi du Jaialdiaren web orriak.


