Erika Elizari: «Ez dut uste kalte egiten digunik iraganean eta etorkizunean pentsatzeak»
- DataMartxoak 30
- Gaia Literatura
Estreinako hegaldi laburra izan duen 'Zendabalitz' eleberrian, pertsonaiak geldirik dagoen hegazkin batean utzi ditu, itxita
Aireratu bezain pronto moztu dizkio hegoak inguratuta eta konfinatuta gauzkan larrialdiak Erika Elizariren (Hernani, 1988) lehen lan 'handiari', 2018ko Igartza bekaren laguntzaz idatzi duen 'Zendabalitz' nobelari. Beasaingo Udalarekin eta CAF enpresarekin batera saria antolatzen duen Elkarrek argitaratu duen 128 orrialdeko liburuan, etxean ordez Parisko Charles de Gaulle aireportutik Loiukora doan hegazkin batean utzi ditu itxita protagonistak.
-Ez da kalteetan handiena, ezta gutxiago ere, baina apenas izan du hegaldia altxatzeko astirik zure lehen eleberriak. Beste nobedade asko pistara ere ez dira iritsi, dena den.
-Horrela da, bai. Oraintxe zen bultzada emateko momentua, pozik eta itxaropentsu nengoen, baina hau tokatu da. Hasiera batean pentsatu nuen horrela jendeak irakurtzeko asti gehiago izango zuela, baina ezin badu eskuratu, alferrik. Sentsazio gazi-gozoa da.
-Prentsa saltzeko zabalik dagoen liburu-dendaren batean ikusi dut salgai... Hegazkin batetik ezin irtenda dauden pertsonaien gorabeherak, etxetik ezin irtenda dauden irakurleentzat.
-Liburua irakurtzeko aukera izan dutenen batzuek esan didate balio izan diela bidaia bat irudikatzeko, une honetan egingarria ez den txango baten hasieran egongo balira bezala sentitu direla komentatu didate. Asko gustatuko litzaidake liburuak sentsazio hori sorraraztea.
-Fikzioak maiz jo izan du pertsonaiak entzerratuta gelditzen diren tokietara. Zer dela eta aukeratu duzu zuk hegazkin bat?
-Nahi nuen izatea toki eta denbora mugatu bat, denak egotea aldi berean toki berean, eta hegazkinak ematen zidan horretarako aukera perfektua. Nik, gainera, askotan sentitu dut hegazkinak martxa hartzen duenean deskonektatuta zaudela guztiz mundutik, eta iruditu zitzaidan toki oso aproposa sentsazio hori muturrera eramateko.
-Ehun bat lagun daude hegazkinean. Horietako gutxi batzuei erreparatu diezu. Askotarikoak dira adinari, lanbideari, izaerari eta egoera pertsonalari dagokienez.
-Proiektua idatzi nuenetik neukan argi bi gizon eta bost emakume izango zirela pertsonaia nagusiak. Saiatu naiz konflikto mota desberdinak aurkitzen, eta adin desberdinetako pertsonaiak sortzen, gatazkaren batzuk adinari lotuta egoten baitira. Azken batean, nahi nuen denok identifikatzeko moduko pertsonaiak izatea.
-Pertsonaietan oinarrituta dago erabat liburua.
-Nire sorkuntza lanei begiratuta -asko egin ditut, nahiz eta xumeak iza, eta oihartzun txikikoak- konturatu naiz denetan badagoela estilo bat, saiatzen naizela gure egunerokotasuneko gauza txiki horiek biltzen, eta azaltzen nola bizitzen ditugun pertsonalki. Nik behintzat asko pentsatzen dut egiten ditudan gauzen inguruan, edo egon daitezkeen aukera desberdinen inguruan, eta hori islatu nahi nuen. Bilatu nahi nituen denok batzen gaituzten egoera horiek, eta horregatik iruditu zitzaidan egokia pertsonaien ikuspegia nabarmentzea. Denak toki eta denbora berean edukitzeak aukera eman dit batetik bestera saltoka ibiltzeko modu naturalean. Hala ere, ez dira istorio isolatuak, inportantea zen niretzat denak ondo lotzea.


