Pop eta reggae doinuak Patxuko Nice taldearen laugarren diskoan
- DataMartxoak 16
- Gaia Musika
Quim-en Marrazkia izenburua du Hondarribiako boskotearen proposamen berriak. Kontzertu-sorta ere iragarri dute, diskoa aurkezteko
Patxuko Nice taldearen laugarren diskoak bi eragin handi daramatza bere kanten ezaugarrietan. Pop leun eta leuntzaileak harreman estu eta sakona baitu reggaearekin. 1980ko hamarkadako aztarna nabariak ere badira, baita soul nahiz funk eraginak ere.
Patxuko eta Jon Mari Beasainen ideiek abiarazitako proiektuak oinarri sendoagoak ditu diskotik diskora, nahiz eta taldekide batzuk sartu eta beste batzuk irten diren taldearen sorreratik.
Quim-en Marrazkia izeneko laugarren disko hau 2019ko azken hondarretan eta 2020ko urtarrilean grabatu eta nahastu zuten, Pello Gorrotxategiren eskutik, Ereñotzuko Aieka estudioan. Masterizazioa Jonan Ordorikak egin du, otsailean, Mamia estudioetan.


