Behin betiko bizitza ala heriotza; hor gakoa
- DataMartxoak 16
- Gaia Ikus-entzunezkoa
'Ilargi guztiak' filma grabatzen ari da Igor Legarreta zine zuzendaria azken asteetan Gipuzkoan, Bizkaian eta Nafarroan. Fantasiazko film honek neskatila baten istorioa du oinarri, proposamen bat jaso ostean, behin betiko bizitzaren aldeko hautua egingo du
Hilkortasuna lagun egitearen truk. Hor dago gako nagusienetako bat. Hirugarren eta azken gerra karlistaren estertoreetan, neskatila umezurtz batek hilzorian dagoela pentsatzen du, harik eta emakume misteriotsu batekin topo egiten duen arte. Basoan utzita dagoen etxe batera darama andreak haurra eta proposamen bat egiten dio; hilkortasuna lagun egitearen truke. Behin betiko bizitza, azken batean. Baldintza horren pean, haurtzaroan bahituta geldituko da. Zenbatuko ditu egun, urtaro eta ilargi guztiak, bidean baserritar batekin topo egingo duen arte. Hark berpiztuko du neskatilarengan bizitzeko eta amesteko grina.
Ilargi guztiak filmeko istorioaren hari nagusia da jasotakoa. Igor Legarreta (Bilbo, 1973) zine zuzendariak eta gidoilariak zuzendutako bigarren film luzea da, eta euskaraz ekoiztuko dute. Legarretak adierazi du istorioa, pertsonalki, ipuin gisa ulertzen duela eta oinarrian dituela heriotza eta bizitza: "Pertsonaia nagusiak, neskatilak, hilkortasuna onartzean betirako bizitza eskuratzen du; bizitzak, momentu horretan, ezagutzen ez dugun zentzu bat hartzen du". Egilearen esanetan, protagonista betirako bizi izatera "kondenatuta" dago. Hain zuzen ere, orain ia hilabete hasi ziren grabatzen filma eta Gipuzkoako, Bizkaiko eta Nafarroako txokoetan barna arituko dira, gutxi gorabehera, apirilera arte.
Mutrikun (Gipuzkoa) egin zituzten lehen urratsak filma grabatzeko, bertan hasi baitziren filmaketa lanekin, otsailaren 17an. Zuzendariak azaldu du grabaketa lanetan beti egon ohi direla arazoak, eta, gaur-gaurkoz, filmazioa "nahiko gogorra" ari dela izaten: "Eguraldi txarra egin du, egun pila bat igaro ditugu euripean eta lokatzetan sartuta, baina espero dugu orain arte egindako lana pelikulan ondo azaltzea". Hala eta guztiz ere, nabarmendu du lantaldea gertukoa sentitzeak asko laguntzen duela horrelako egoeretan. Aktoreen eta lantalde teknikoaren "berebiziko" garrantzia azpimarratu nahi izan du.


