Do Re Ni: musikarekin jolasean, pertsonak indartzeko
- DataMartxoak 13
- Gaia Musika
Xabier Lizaso pianista eta ikertzailearen egitasmoa da Do Re Ni, garunaren estimulazioaren bidez pertsonen garapen pertsonalean eragin nahi duen proiektua.
Jolasen bidez ondo pasatu eta umeen garuna garatzea da Do Re Ni proiektuaren helburua. Xabier Lizaso (Orio, 1965) pianista eta ikertzaileak jarri zuen martxa neurozientzia eta musika uztartzen dituen egitasmoa, pentsatuta ez dagoela beste jarduerarik musikak adina eragiten dionik garunari.
Oinarri horretatik abiatuta, Lizasok eta horren lantaldeak jolasean jartzen dituzte hiru eta hamar urte arteko neska-mutikoak, eskoletan zein beraiek antolatutako musika udalekuetan, dantzan, musika sortzen, antzerkian zein kirola egiten, “autoestimua lantzeko, beldurrei aurre egiteko, talde lanean eta berdintasunean aurrera egiteko”, zeinek bere erritmoan.
Lizasok azaltzen duenez, ikasteko ez da sufritu behar, eta “artea giro jolastiar batean sustatzen baduzu, arazoak bideratzen joaten dira pixkanaka-pixkanaka, ia nahi gabe”. Eskoletan gauzatzen dituzten proiektuetan, helburu artistiko jasokoak barik, asmo gizatiar handiko ikuskizunak sortzen dituzte, umeekin kantuz eta dantzan, geletan integrazioari bultzada handia ematen diotenak.


