Mendiko pelikularik onenak 14 hiritan, Mendi Tour-en eskutik

  •  Mendiko pelikularik onenak 14 hiritan, Mendi Tour-en eskutik
    ?Cholitas? film saritua emango dute zikloan, besteren artean. (NAIZ)
naiz.eus

  • DataMartxoak 2
  • Gaia Ikus-entzunezkoa

Bilboko Mendi Film jaialdiko film onenak herriz herri ibiliko dira martxoan zehar. Eskoriatzatik hasi, Agurain zeharkatu eta Iruñeraino, Euskal Herriko hamaika herritara zabalduko da jaialdia martxoaren 29ra bitartean.

Mendiko zinemaz gozatzeko aukera zabalduko du Mendi Tour-ek martxoan zehar. Igande honetan, martxoak 1, hasi eta hilaren 29ra bitartean, hamalau herritara eramango ditu Bilboko Mendi Film festibalean parte hartu duten pelikularik onenak.

Antolakuntzak nabarmendu du mendiko zine zikloa «bogan» dagoela, «horren erakusle martxoan bertan 14 herri eta hiritara eramango dela mendiko zinema eskaintzarik onena eta gaur-gaurkoena».

Zehazki, zikloak iazko BBK Mendi Film jaialdiko ale onenekin «gozatu eta inspiratzeko» aukera emango du, mendia, abenturak, muturreko kirolak eta natura gaiak jorratzen dituzten nazioarteko pelikulen bidez. Gogora ekarri dute jaialdi hau dela gai horiek lantzen dituzten filmak zinema aretoetan ikusteko aukera bakarrenetakoa, ez baita ohikoa izaten horiek zinema komertzialera iristea.

Besteren artean, zikloan ‘Cholitas’, ‘Treeline’, ‘Manaslu’, ‘Ostatnia Góra’, ‘Harria Herria’ edota ‘Climbing Blind’ bezalako filmak emango dira. «Zine genero honen zaleak gogoz daude euren lagunekin, etxekoekin, gertukoenekin, pelikula hauek partekatzeko. Publiko orokorrak, berriz, halakoen bidez deskubrituko du mendiko zinemaren magia eta kalitate bikaina», ziurtatu dute.

Ibilbidea igande honetan bertan, martxoak 1, hasiko da Eskoriatzan, eta ostean Oiartzun (martxoak 2), Agurain (5), Canet d'en Berenguer (Valencia, hilak 7), Eibar (9-10), Tolosa (9-11), Donostia (13-14), Vielha e Mijaran (Lleida, hilak 14-15), Sevilla (19), Iruñea (23-26), Zaldibar (26), Amurrio (27), Arratzu (27) eta Hondarribia (28-29) zeharkatuko ditu Mendi Tourrek. Egutegi zehatza eta filmen gaineko informazioa, jaialdiaren webgunean.

Informazio osoa iturriaren webgunean irakurri