Xabi Bandini: "Kerobia desagertu izan ez balitz, disko honetara helduko zatekeen"

  • Xabi Bandini:
    Energia eta dantza dakartza 'BIBA!' lanak bere kantuetan. Mdraft Studios

  • DataOtsailak 28
  • Gaia Musika

‘BIBA!’ da Xabi Bandiniren markapean musikari nafarrak ondu duen bigarren lana. Kerobiaren abeslari ohiak Alberto Isaba eta Lur Larrazarekin osatu du taldea, eta Donostiako Dokan izango dira gaur gauean

‘BIBA!’ da Xabi Bandiniren markapean musikari nafarrak ondu duen bigarren lana. Kerobiaren abeslari ohiak Alberto Isaba eta Lur Larrazarekin osatu du taldea, eta Donostiako Dokan izango dira gaur gauean

Urtebete pasatxo igaro da Xabi Bandinik Begibakar-ekin bakarkako abentura hasi zuenetik. Disko hartako intimitatea energia eta dantza bihurtu ditu orain BIBA! bere lan berrian. Alberto Isaba eta Lur Larraza lagun dituela, "izerditzeko kontzertuetara" itzultzea izan da Bandiniren asmoa, eta 90eko hamarkadako sintetizadoreetara jo du horretarako. Hala ere, Kerobia ezagutu zuten horiek "urteetan lotu gintuzten kantak" aurkituko dituztela aitortu du musikariak, "melodia eta letra aldetik".

'BIBA!'. Ospakizuna al da diskoa?

Gogo handia nuen disko hau sortzeko, energia behar nuen, izerdi-patsetan bukatzeko kontzertuetara itzuli? Egia esan, ez ditugu inoiz utzi, baina gehiagoren bila nenbilen. Halako sentsazioetan pentsatzen ari nintzela, biba hitza etorri zitzaidan burura, eta horrekin geratu nintzen. Biba!

'Begibakar'-en intimismotik, elektro-pop doinu dantzagarrietara.

Aurrekoa nire etxean grabatutako diskoa izan zen, eta horrek bazuen bere xarma, Xabi Bandinik bakarlari gisa egindako lehen lana bai-tzen. Gitarra eta ahotsa ziren protagonista nagusiak, gailu elektronikoen laguntza txikiarekin. Oraingo honetan baliabide gehiago bideratu ditugu diskora. 80ko eta 90eko hamarkadetako sintetizadoreetara eramango gaituzte abesti batzuk, eta Pello Reparaz ekoizlearen eragina ere igarriko da zenbat kantetan, Londresetik ekarri duen puntu anglosaxoi horrekin. Bestalde, badaude guretzat oso kanta klasikoak direnak ere, Zalantza eta egia kasu, Supernova diskoan arazorik gabe agertu daitekeena. Kerobia desagertu izan ez balitz, esango nuke BIBA! diskoa egitera helduko zatekeela bere ibilbide naturalean.

Pluralean hitz egiten duzu. 

Disko honetan ez nator bakarrik, bandarekin baizik. BIBA!-ren sorkuntza prozesuan Alberto Isabaren laguntza izan dut, eta zuzenekoetan ere ondoan izango dut, Lur Larrazarekin batera. Xabi Bandini markapean, beraz, baina talde gisa. Egia esan, ez naiz "Bandinizentrismoan" oso eroso sentitzen. Nire musikari ibilbidean zehar nahikoa esplotatu ditut nire egoak eta bertuteak, eta talde lana bilatzen dut beti. Bizitza honetan saretuta aritzeak ematen dio zentzua egiten duzun lanari; bakarrik egiteak satisfakzioa sor dezake norberarengan, baina elkarlanean egiteak, bikoitza.

Informazio osoa iturriaren webgunean irakurri