Mikel Rueda: "Ez diogu geure buruari gu geu izateko luxua aitortzen"

  • Mikel Rueda:
    Mikel Rueda, "El doble más quince" bere hirugarren film luzea filmatzen
eitb.eus

  • DataOtsailak 26
  • Gaia Ikus-entzunezkoa

Bilbotar zuzendariak “El doble más quince” Maribel  Verdú eta German Alcarazu protagonista dituen filma estreinatuko du ostiralean, otsailak 28, Hegoaldeko zinema aretoetan. 

Mikel Ruedak (Bilbo, 1980) “El doble más quince” EiTBren parte-hartzea duen pelikula erakutsiko du ostiraletik aurrera Hegoaldeko zinema aretoetan, bere hirugarren film luzea “Izarren argia” eta “A escondidas” lanen ostean. Anak (Maribel Verdú) eta Ericek (German Alcarazu) ezustean egingo dute bat, eta espazio partekatu bat osatuko dute elkarrekin, munduak aurrean jartzen dizkien galderei bertatik erantzuteko. Izan ere, bidegurutze bertsuak aurkitzen dituzte bidean dena egiteko duen gazte batek eta itxuraz berarengandik espero zen guztia bete duen emakume heldu batek.

Alde formalean apustu pertsonal eta zaindua eginik, Ruedak aurrez aurre jarri ditu bi pertsonaiok, isilaldi sendoak tartekatzen dituen elkarrizketa batean, agerian utzita esaten duguna ez ezik esaten ez duguna ere bagarela, egiten duguna ez ezik itotzen ditugun bulkadak ere bagaren bezala.

Ruedarekin hitz egin dugu, berarentzako aste zoroan, “El doble más quince” lanaren estreinarekin bat egin baitu “Veneno” Javier Calvo eta Javier Ambrossik sortutako telesailaren bi atal zuzentzeko mandatuak.

Harrigarriro, “El doble más quince” fim luzearen ideia “Caminan” aktore berak protagonista dituen eta film luzea garatzeko balio dizun film laburrarena baino lehenagokoa da. Zer eskaini dizu film luzearen formatu askeagoak?

Bada, bai, film luzearen ideia film laburrarena baino lehenagokoa da, baina Zinebi nirekin harremanetan jarri zen “Bilbao.Exterior.Día” bilbotar zuzendariek egindako film kolektiboan parte hartzeko, eta oso aukera ona iruditu zitzaidan sekuentzietako bat egiteko eta koloreak eta estetikak probatzeko, gidoia ondo zihoan begiratzeko edo Maribelek eta Germanek funtzionatzen ote zuten ikusteko… Eta, gainera, finantzazioa bilatzeko erabil nezakeen.

Gero, film luzean, isilaldiekin gehiago jolastu ahal izan nintzen, “Caminan”en ere egin nuen bezala. Nire ustez, film laburra egin izan ez banu, ez nuen egingo. “Caminan” laburrak hamahiru minutuko iraupena du, eta gidoia bost orrialdekoa zen, pelikularen minutu bakoitzari gidoiaren orrialde bat dagokiola esaten bada ere. “Caminan” lanean, konturatu nintzen istorioak isilaldiak eskatzen zituela, pertsonaiei denbora ematea.

Pertsonaiek ez dute dena esan behar. Hitz egiten dute, baina elkarri begiratzen diote eta isildu egiten dira, eta horren jatorria “Caminan” da. Pelikulari arnasa eman diot, pertsonaiek hala behar zutelako, instrospektiboak eta beren barnera bilduak izaki.

Nola landu dituzu isilune horiek? Nola irudikatu zenituen gidoiak eta nola kudeatu dituzu filmatzean?

Isiluneak gidoian zeuden, baina filmatzean inplementatu egin ditut. Hori gertatzea nahi nuen, baina “Caminan” lanak erakutsi zidan arnasa utzi behar nuela. Filmatzean, aktoreei gidoian idatzita zegoen baino gehiago utzi nien isiltasunetik eraikitzen.

Nahasketa bat izan zen: nik hala idatzi nuen, bai, baina filmatzean berretsi nuen horrek hala behar zuela.

Informazio osoa iturriaren webgunean irakurri