Montehermoso Kulturuneak Raquel Durán eta Rut Brionesen "Felices" erakusketa aurkeztu du
- DataOtsailak 20
- Gaia Ikusizko arteak
Otsailaren 21etik maiatzaren 3ra arte egongo da ikusgai
Ur biltegiak Raquel Durán eta Rut Brionesen ‘Felices’ erakusketa hartuko du otsailaren 21etik maiatzaren 3ra arte. Montehermoso kulturuneak 2019an proiektu artistikoak sustatzeko egin zuen deialdian hautatutako lau lanetako bigarrena da.
“Gasteizko Udaleko Kultura Sailetik hainbat jarduera-ildo garatzen ditugu sorkuntza artistiko garaikidea sustatu, bultzatu eta ezagutzera emateko asmoz. Ekimen honen bitartez, beren lanak banaka nahiz taldean aurkezteko aukera eman nahi diegu artista lokalei, arte eta kultura garaikidea sustatzen duten ekintzen bitartez, eta horiek herritarrengana hurbilduz“, adierazi du Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok erakusketaren aurkezpenean.
‘Felices’ XXI. mendean gure gizarteak baliatzen dituen zorion-mota desberdinei buruzko hausnarketa multisentsoriala da.
Erakusketa osatzen duten instalazioetako bakoitzak zorionaren alderdi kontzeptualen batean sakontzen du, eta kritikoki zalantzan jarri nahi ditu zorion iraunkorraren bilaketa eta hori ez lortzeak sor dezakeen frustrazioa.
Bihar, hilak 21, inauguratuko da erakusketa; artistek bisita gidatua egingo dute, publikoari proiektua osatzen dutenak lanak zertan diren azaltzearren. Arratsaldeko zortzietan hasiko da.
Egileak
Raquelek eta Rutek talde bat osatzen dute 2014az geroztik. Ikus-entzunezko instalazioen esparruan egiten dute lan batik bat, eta mugitzen den irudiaren lengoaia erabiltzen dute mendebaldeko gaur egungo gizarteari buruz hausnartzeko.
Haien jardun artistikoak norbanakoak kolektibitatearen barruan zer eginkizun duen aztertzen du, zer sinergia, paradoxa, truke eta inkongruentzia sortzen diren ezinbestean binomio horretatik.
Raquel Durán Arte Ederretan lizentziatu zen, argazkigintzaren eta ikus-entzunezko bitartekoen espezialitatean. Rut Briones Publizitate eta Gizarte Harremanetako lizentziaduna da, eta ikus-entzunezko narratibari buruzko masterra.


