Egunean Behin aplikazio arrakastatsuaren bidea
Bada urtebete telefonoek euskal kultura edo geografiari buruzko gure ezagutzak, beste eduki batzuenen artean, modu ludikoan neurtzeko aukera ematen digutela. Eibarko CodeSyntax enpresak garatu du Egunean Behin aplikazioa, 60.000 jarraitzaileren muga gainditu duen fenomenoa. Proiektuaren arduraduna den Josu Azpillagak azaldu dizkigu ekimenaren nondik norakoak.
Nola sortu zen Egunean Behin aplikazioaren proiektua?
Gure enpresan beti daukagu interneteko tresna eta eduki berriak –eta euskaraz ahal bada, oraindik hobeto– sortzeko helburua, horretara dedikatzen gara, izan ere. Gure barne dinamiketan horrelako ideiak eta egitasmoak daude beti martxan, oso interesgarriak iruditzen zaizkigulako, arlo askoetatik. Barne bilera batean tribial estiloko aplikazioei buruz ibili ginen tiraka eta hortik sortu genuen Egunean Behin-en eredua, edo behintzat gidalerro nagusiak.
Gero eboluzionatzen joan da, noski, baina orduan definitu genituen aplikazioaren ezaugarri nagusiak izango zirenak (aldizkakotasuna, adibidez). Egia da orain dela urte batzuk antzekotasunak zituen beste proiektu bat atera genuela aurrera, Tribual izenekoa, galdera-erantzunen dinamika jarraitzen zuen lehiaketa, alegia. Kasu honetan konturatu ginen erabiltzaileen joera bi, hiru, lau egun buru belarri egotea zela, oso modu intentsuan, baina gero berehala aspertzen zirela edo uzten zutela. Eta eredu hau ez zitzaigun gehiegi gustatu, egia esan, irudikatzen genuenean jendea pantaiari pegatuta ez dakit zenbat denboran… eredu horretatik aldendu nahi genuen, eta muga birtual hori jartzea eta egunean partida bakarra jokatzeko aukera eskaintzea orduan erabaki genuen. Orain ikusita ondo asmatu genuela uste dugu.
Martxoan lehenengo urteurrena beteko du eta egun 60.000 jarraitzaile baino gehiago dituzue. Nola joan da garatzen denbora honetan guztian?
Ba, esan bezala, aplikazioaren gidalerroak edo bizkarrezurra hasierako bilera horietan ezarri genituen. Adibidez, barneko probetan hilabeteko lehia egin genuen eta berehala jabetu ginen oso luzea egiten zela. Hilaren 10ean sartzen bazinen, adibidez, ez zegoen jada emoziorik… eta astebetera mugatu genuen, askoz arinagoa delako, eta aukerak zabaltzen direlako.
Baina beste arlo batzuk denborarekin joan gara hobetzen. Guk internetekin egiten dugu lan eta proiektuak modu irekian planeatzeko joera daukagu, zaila baita ateratzen duzun proiektu horrekin lehenengotik asmatzea. Prest egon behar duzu beti eboluzionatzera eta erabiltzaileek eskatzen dituzten aldaketa edo iradokizunen arabera egokitzen joatera.
Beraz, martxan hasi ginela jendeak bere iritzia ematen zuen, bere mezuak idazten zituen eta ditu, eta gu saiatzen gara ahal den neurrian horiek guztiak kontuan hartzen, prozesatzen eta bidea ematen. Bide honetatik joan dira garapen deigarri batzuk... Adibidez, taldeak sortzeko aukera hasiera hasieratik jarri genuen martxan, baina gure hasierako kontzepzioan taldeak familia eta koadrilaren artean jolastekoak ziren, talde itxiak egiteko, nolabait esateko. Berehala, ostera, jendea hasi zitzaigun talde irekiagoak edo publikoagoak eskatzen eta hortik jaio zen kodigoaren bidez taldea sortzeko aukera (eta honek herrietako eta eskualdeetako taldeen sorrera ekarri du…) Zabalkundean asko lagundu du formatu honek, hori horrela da.
Galdera mota berrien ideiak ere iturri hauetatik etorri zaizkigu… eta gu joan gara apur bat eboluzionatzen, diseinu ukitu batzuk eginez… Adi xamar egoten saiatzen gara, egia da, jendearen iritzietara, bai.

(Abenduan burutu zen Azpeitiako Sanagustin Kulturgunean Egunean Behin-en bigarren denboraldiko zuzeneko finala. Argazkia: Uztarria)
Posible al da Egunean Behin-eko publiko profil-mota bat ezagutzea?
Ba printzipioz ez, guk ez baititugu daturik eskatzen. Aplikazioa deskargatzeko mugikorraren zenbakia besterik ez duzu eman behar. Nahita da, beraz. Guk ez dugu daturik eskatzen datu estatistikoak izateko ez bada ez ditugulako behar. Telefono zenbakia harremanetan jartzeko behar dugu, sariak emateko edo nolabaiteko kontakturako datu bat izateko, taldeak egin eta kudeatzeko eta abar… baina hortik aparte beste daturik ez dugu eskatzen eta hori ere inportantea dela uste dut, zeren eta askotan zure izen abizenak zerrenda batean ikustea, ba, ondo bazoaz ondo, baina kale egiten duzunean askoz errazagoa da anonimoki jokatzea. Hori errespetatu nahi izan dugu.
Beraz, ez dugunez daturik eskatzen, ez dugu zehazki –telefonoaren aurrezenbakiaz aparte–, beste informaziorik. Baina bueno, sarean badaude hainbat analisi tresna eta horiek bai, pista bat ematen digute: adibidez, bagenekien hasieran gizonezko gehiago zebilela, baina egun erdi eta erdi dabil emakume eta gizon, orekatu da. Adin tarte bat ere ematen dizu sareak eta esan behar dugu denetarik dagoela (adingabeen daturik ez du zabaltzen, hori bai), baina badakigu gaztetatik hasi eta oso helduak direnetara ailegatzen dela tartea. Gehienak +34 aurrezenbaki duten telefonoak dira, hau da, Hegoaldekoak, baina Iparraldekoak ere baditugu eta gero, ba bueno, baten bat Argentinakoa edo Australiakoa…
Edonola ere, ukaezina da ekimenak hartu duen dimentsioak "komunitate" bati buruz hitz egiteko aukera ematen digula, eta termino kuantitatiboetan lortzen ari zaretena ez da marka makala. Zuen ustez, zein izan da aplikazioaren arrakasta azaltzen duen gakoa?
Bai, zenbakien progresioa izugarri izan da. Egunean Behin-ek zerbait badauka datuak guztion bistan daudela da. Beraz, oso ondo dakigu iazko martxoan atera eta udara 10.000 lagun ingururekin ailegatu ginela. Gero, uda ostean, bigarren denboraldia hasi genuenean jauzirik handiena eman zen, eta abendura 60.000 lagun izatera iritsi ginen. Egun, hirugarren denboraldiarekin 70.000etara ari gara ailegatzen…
Askotan hausnartzen eta komentatzen ibili gara arrakastarako gakoa zein izan daitekeen, eta bat gatoz guztiok gako bakarra ez dagoelaren ideiarekin, gako batzuek bateratzearekin egon dela asmatzea. Batzuk aipatzekotan, lehena formula bera oso sinplea dela izango litzateke (egunean behin, galdera-erantzunak, sailkapena, hamar galdera… ) Oso oso erreza da, azaltzeko ere. Instalatzen duena bigarren minuturako partida jokatzen badago eta badaki zertan ari den, ez du azalpen gehiagorik behar. Sinpletasun hori eta egunean behineko muga hori klabeak izan dira, noski.
Beste klabetako bat taldeena izan dela uste dugu, izan ere, hortik etorri da zabalkundea. 70.000 lagunen arteko ranking batean zure burua ikustea oso zaila da (azken finean, alde gutxi dago behin 32.000. postuan edo 58.000.ean zaudenean…). Baina zure taldean ez da hori gertatzen, hor bai egoten da lehia, eta pike sano hori.
Eta azkenik, hirugarren gako nagusietakoa, nire ustez, galderak izan dira. Tribial estiloko joko asko daude, era askotarikoak, baina euskaraz eta Euskal Herriaren inguruko galderak dituztenik ez dago. Eta honek ematen dizu apur bat, aitzaki honetan, ba euskaraz jokatzeko aukera, Euskal Herriaz pixkat ikasteko… Zeure buruari kontu honetan denbora apur bat “galtzeko” lizentzia uzten diozu, gutxienez zer edo zer ikasiko duzulakoan zure komunitatekoa, Euskal Herrikoa.

(Jende andana bildu zen Sanagustinen, bai jokatzeko zein lagunak jokatzen ikusteko asmoz. Argazkia: Uztarria)
Bai, izan ere, euskara eta euskal kultura Egunean Behin definitzen duten zeharkako bi ardatz dira. Zer ekarpen egin diezaioke horrelako aplikazio batek bere transmisioari?
Gu konbentzituta gaude euskararentzat ere oso eremu inportantea dela teknologia berriena eta internetena, aplikazioena edo mugikorrena. Euskarak hor egon behar du, dudarik gabe. Zentzu honetan gauza batzuk ondo egin dira hemen azken urteotan, eta beste gauza batzuk oraindik egiteke daude, akaso.
Egia da mugikorren eta aplikazioen munduan oso zaila dela leku bat egitea, oso mundu lehiakorra da, oso azkar kadukatzen dira proposamenak eta bai, jende asko dabil aplikazioetan baina pertsona bakoitza hiru edo lau aplikazioetan dabil bakarrik, hortik gora ez dago igotzerik eta aplikazio berriek zaila dute tokitxo bat egiteko.
Panorama honetan euskarazko ikonoa duen aplikazioa jendearen mugikorrean izatea izugarrizko lorpena da. Zer ekarpen egiten dio honek transmisioari? Bere aletxoa jarriko du, zalantzarik gabe. Guk beti esaten dugu baten bati Egunean Behin-en jokatu eta galdera batean agertutako ez dakit zeren inguruan interesa pizten bazaio, eta beste zerbait irakurtzera edo beste zerbait ikastera eramaten badu, bada zerbait. Kuriosidade hori pixkat asetzera euskarazko iturrietara jotzen baldin badu, tira!, hori behintzat lortu dugu.
Azpeitiak bigarren denboraldiko zuzeneko finala hartu zuen abenduan. Zer erantzun izan zuen ekitaldi honek? Nolako giroa sortu zen?
Ba oso berezia izan zen, egia esan. Guk esperimentu bezala planteatu genuen, ez genekielako zer moduzko erantzuna izango zuen zuzeneko ekitaldi batek, zenbateraino emango zuen… Gure asmoa birtualki egiten dugun hori ordubeteko saio batean fisikoki egitea zen, ea nolako ekimena egin genezakeen ikusteko. Eta ideia honek jokoarekin beste gauza batzuk egitera bideratu zigun. Teknologikoki, adibidez, erronka handia suposatu zuen. Orain pertsona guztiei galdera ezberdinak helarazten zaizkie, baina final batek denak batera jokatzeko beharra eskatzen dizu, modu sinkronizatu batean...
Bestetik, antolaketa erronka handi handia izan zen ere bai, modu erakargarriko ordubeteko saioa prestatu…. Eta egia esan oso ondo irten zen. Parte hartu zuten guztioi inkesta bana pasatu genien eta, jaso genituen erantzunen arabera, oso gustura egon zirela ematen du. Guk uste dugu oso polita izan zela bai jokatzeko (102 lagunak jokatu zuten) zein ikusteko, ze beste 200 bat lagun bildu ziren publiko modura. Giro ederra sortu genuen, bai. Oso pozik gaude. Kike Amonarriz izan genuen aurkezle eta oso dinamikoa eta polita izan zen.
Orain, hurrengoa badugu jada buruan, hauteskundearen egunaren bezperan burutuko dena, hain juxtu. Ez dugu oraindik tokia itxi, baina bai, ilusio handiarekin ari gara antolatzen.

(Kike Amonarriz eszenatokian, azken fasera sailkatutako hamar jokalariekin).
Proiektuaren gaztetasunak eta garapen teknologikoaren berezko abiadurak zaildu egiten dute Egunean Behin-en etorkizuna zein izango den iragartzea. Nola imajinatzen duzue zuek?
Ba nondik joango den gure buruari askotan egiten diogun galdera da, bai… Denboraldi bakoitzean pentsatzen dugu zeri eman nahi diogun garrantzia eta zer arlo garatuko ditugun… nolabaiteko erronka batzuk ezartzen ditugu, bai. Hirugarrenekoak perfilatuta ditugu (denboraldiko sailkapenaren inguruko zehaztasunak, babesleen kontua eta galdera mota berriak…). Gutxi gora-behera lortzen ari gara. Orain laugarrenarekin gaude eta honetarako, adibidez, erronka potolo bat jarri dugu, ea asmatzen dugun aurrera egiten…
Baina hortik askoz aurrerago joaten ez gara ausartzen, ze egia esan hau pixka bat hondarraren gainean jardutea bezalakoa da, hau da, lurra inoiz ez dela finkoa… Ez dakigu, ikusi behar da nondik joango den. Nahiago dugu irekita uztea eta jendearen ekarpenak eta iradokizunak kontuan hartzen joatea, erabiltzaileen intentzioak eta gustuak nolabait asmatu eta hortik bidea egitea… beti azkar jiratzeko aukera edukiz. Irauten duen bitartean iraungo du, eta ikusiko dugu noraino. Handitzeko eta hobetzeko margenak baditu, noski, galdera mota berriekin beste toke bat eman edo dena delakoa… Gu momentuz oso pozik gaude lortu dugunarekin eta erabiltzaileen erantzunarekin. Jende askok bidaltzen digu zoriontzeko mezua, eta hori benetan eskertzekoa da.
(2020ko otsailaren 20an argitaratutako Berezia)


