Kirmen Uribe: «Euskal artistok ez dugu zertan Madrilen oniritzia izan kanpora ateratzeko»

  • Kirmen Uribe: «Euskal artistok ez dugu zertan Madrilen oniritzia izan kanpora ateratzeko»
naiz.eus

  • DataUrtarrilak 31
  • Gaia Literatura

Ia hogei urte joan dira Kirmen Uribe (Ondarroa, 1970) izeneko idazle gazte batek bere lehenengo poema liburua argitaratu zuenetik. “Bitartean heldu eskutik” (Susa, 2001) zeritzon argitalpen hark euskarazko poetikagintzari beste erpin bat atera zion. Ia hogei urte, “Bisita” gogoangarri hartatik. Denbora luzea igaro da ordutik eta bere urratsen arrastoak ageri dira orain bidean. Denak nobela formakoak. “Bilbao-New York-Bilbao”, “Mussche” eta “Elkarrekin esnatzeko ordua” dute izena. Mundu ikuskera bat orraztu zuen horietan, eta orain mundutik ari da orraziaren puntak marrazten, itsasora begira betiere, Ondarroa begien hondoan jarrita. New York eta Columbia Unibertsitatea, bietan kabitu, “kabiratu”, da Kirmen Uribe azken hilabeteetan, fikziozko nobela berri bat buruan. Bere lumak, ordea, poesiara eraman du berriro eta abenduan herriratu zen “17 segundo” (Susa) besapean hartuta. Badu zer kontatu munduari letra poetikoz begiratzen dion eta dagoeneko heldutasunean den idazle honek. “Bitartean heldu eskutik” hartatik ia hogei urte igaro eta gero.

Ba zuk esan…

“17 segundo”…

Itxaron, itxaron. «17 segundo» baino lehen, bota denboran atzera mesedez. Beka bat amaitu zenuen New Yorken joan den ekainean eta beste bat lortu zenuen udazkenean. Ameriketako Estatu Batuetan zaude azken hilabeteetan. Kontatu zer gertatu den.

[Barrez] Ados, ados. New Yorkera joan nintzen 2018ko uztailean. Hango liburutegi publikoak badu beka bat, Cullman deitzen dena, idazle eta ikertzaileentzat. Hamabost beka dira, horietako bost idazleentzat. Horietako bat eman zidaten han euskaraz nobela bat idazteko. Bekak ez du eskatzen lana bukatzea, behintzat hastea, han idaztea.

Hori da, zeren amaieran ez zenuen proiekturik aurkeztu behar.

Ez, ez nuen proiekturik aurkeztu behar. Proiektua aurretik aurkezten da, baina bukatua ez. Orduan hasi nintzen idazten, maiatzera arte aritu nintzen idazten. Aurretik ikerkuntza lan handia egin nuen liburutegian eta gero eman didate beste beka bat Columbia Unibertsitatean. Hango Barnard College-an, garai batean emakumeentzako sortu zen ikastetxe bat. AEBetako unibertsitateak collegetan daude banatuak eta hau emakumeena zen. XIX. mendean sortua. Eta gaur egun oraindik ere emakumeena da, nahiz eta mutilak ere joaten diren Columbiako edozein fakultatetatik, baina eman diote buelta, eta orain emakumeak indartzeko, ahalduntzeko, toki bat da. Oso gustura egon naiz bertan XXI. mendeko mundu literaturarekin lan egiten.

Kasualitatea, zeren zuk New Yorkera joan aurretik buruan zenuena emakumeak protagonista zituen fikziozko nobela bat egitea zen.

Oraindik ere bai. Nire nobelan bihotza liburuzain bat da eta liburuzain hori egon zen idazten biografia bat 40 urtez eta ez zuen bukatu. Biografia hori sufragista bati buruzkoa zen, hungariarra, bakezalea, Lehen Mundu Gerra geldiarazi nahi zuena, feminista; AEBetan erabat baztertua izan zen eta erabat ahaztua. Bat- batean aurkitu nuen kutxa batzuetan altxor hori. Horrekin hasi nintzen lanean, baina nobelak beste bi alde ditu, Euskal Herriarekin lotuagoak. Fikziozko bi alde. Eta horrekin ari naiz. Nobela luzea izango da eta urte hau ere emango dut idazten.

Zer moduz sentitzen zara fikzioarekin?

Oso libre. Amets Arzalluzek nola egin duen berriki benetako bizitza bat kontatu... hori munduan asko egiten da. Idazleok, zinemagileek, eta arte munduan ere kontatzen dira kontatu ez diren historia horiek. Arte munduan ere, arte kontzeptualean, badago salaketa gogo bat, idazleok ere hartzen ditugu benetako historiak eta literatura egiten dugu horrekin, baita zinean ere. Gogo horretatik sortu zen nobela. Aurreko bi nobelek ere benetako pertsonak dituzte ardatz, baina hemen ja nahi izan dut pixka bat ihes egin eta fikziora joan. Nobelak izango ditu hezur-haragizko pertsonak eta fikziozkoak ere bai.

Informazio osoa iturriaren webgunean irakurri