Temples, Manel, La Bien Querida eta 12Twelve, MAZ Basauri jaialdian
- DataUrtarrilak 23
- Gaia Musika
Martxoaren 13 eta 14ko eta 20 eta 21eko asteburuetan egingo dute jaialdiaren bederatzigarren edizioa. Sarrerak gaurtik aurrera daude salgai.
Temples, Manel, La Bien Querida eta 12Twelve iragarri ditu MAZ Basauri jaialdiak. Ekimenaren bederatzigarren edizioa egingo dute aurten, martxoaren 13 eta 14ko eta 20 eta 21eko asteburuetan. Enric Montefusco, Hidrogenesse, Viva Belgrado, Lumi eta MICE artistek osatuko dute egitaraua. Emanaldiak kalean (doan) eta Social Antzokian eskainiko dituzte. Sarrerak salgai daude.
Temples ingelesek haien rock psikodelikoa ekarriko dute Basaurira, Hot Motion lana aurkezteko. Manel taldeak ere disko berria dakar: Per la bona gent.
La Bien Querida izango da aurtengo MAZ Basauriko beste izen handietako bat. Ana Fernández-Villaverde bizkaitarrak Brujería aurkeztuko du. 12Twelve kataluniarren itzulera izango da musikazaleak Social Antzokira erakarriko dituen beste amuetako bat. 2008az geroztik geldirik egon ostean, taldea agertokietara itzuli da Speritismo lanarekin; rock instrumentala eta musika beltza uztartzen dituen maisulan gisa defini genezake album hura.


