Raul de la Fuente: "El infierno" bihozminaren erroetan barneratzen da"

  • Raul de la Fuente:
    Raul de la Fuentek Freetownen filmatu du "El infierno" dokumentala
eitb.eus

  • DataUrtarrilak 21
  • Gaia Ikus-entzunezkoa

Nafar zinemagileak film labur dokumental onenaren Goya saria irabaz lezake larunbatean, “El infierno” Sierra Leonako kartzela batean dituzten bizi baldintza zirtzilak erakusten dituen lanari esker. 

Raul de la Fuentek esaten duenez, lurrean infernurik bada, Freetownen dago, Sierra Leonako hiriburuan. Han, ankerkeriaren monumentu bihurtu den Pademba Road kaleko kartzelan, 2.300 preso daude bata bestearen gainean metatuta, horietako asko, gaixorik, 300 pertsonarentzat eraiki zuten espazioan.  

“El infierno”k film labur dokumental onenaren Goyarako izendapena ekarri die De la Fuente zuzendariari eta Amaia Remirez ekoizleari (Kanaki Films), Padembako miseria, bidegabekeria eta basakeriara egindako hurbilketa artegatsua nonahi ikusi beharrekoa denez. Lanak garbiro eta errukigabe jartzen du ikuslearen aurrean gizateriak izan beharko lukeenaren beste aldea, baina sufrimendua erakuskeria doakorik eta morborik gabe erakutsita.

Chennuren istorioak besterik ez du argitzen pantaila tarteka: infernu horretatik atera ostean, ahal duen moduan laguntzen die Freetowngo kartzela horretan daudenei eguna joan eguna etorri, De la Fuente Goya sarietara itzuli duen lanak (“Minerita”rekin irabazi zuen, 2014an, eta “Another day of life” animaziozko lanarekin, 2019an) erakusten duen bezala.

Nafar zinemagilearekin hitz egin dugu, hain zuzen, “Another day of life” bere pelikula Oscarretarako izendatuetatik kanpo geratu dela jakin eta minutu batzuetara. Ez dute, beraz, “Minerita”rekin Los Angeleseraino egindako bidea errepikatuko. “Oraingoan ez genuen espero, sail horretan lehian ari ziren pelikulak ikusita”, esan digu.

Nola jakin zenuten Padembako kartzelaren berri? Noiz erabaki zenuten dokumentala egitea?

Fernando Moleres argazkilariaren lanaren bidez jaso nuen toki honen berri, eta dokumentala egiteko asmoa bertan sortu zen, Freetownen. Beste dokumental bat filmatzen ari nintzen bertan, prostituitu beharrean ziren neskatoei buruz, Jorge Crisafulli argentinar salestarrarekin, eta kontatu zidan espetxean ere lan egiten zutela, okerren zeuden presoei laguntzen.

Istorioa interesatu zitzaidan, Jorgerekin batera kartzelara sartu nintzen eta hor hasi zen dena.

Nola deskribatuko zenuke bertara lehen aldiz sartu zinenean aurkitu zenuena? Erreferentzia guztiak labur geldituko ziren ikusitakoaren aurrean…

Denboran oso atzera egin eta haitzulo batean, leize batean, erortzea bezalakoa da. Batzuetan, “Minerita”rekin lotzen dut. Pelikula horretarako, mendi handi baten erraietan sartu ginen, eta oraingoan, “El infierno”n, bihozminaren erroetan barneratu gara. Bertako bizimoduaren presioaren zama sentitzen duzu, oso giro akigarria, oinak barruan jarri eta berehala presoen etsi gaiztoa igartzen baituzu.

Lehenengoan, kamerarik gabe sartu nintzen, Jorge Crisafullirekin, eta halakorik sekula ikusi gabea nintzen. Muturrekoa zen presoen egoera: gose ziren, batzuek 36 kilo zituzten… Ikaragarria da, eta arreta ematen dizu etsipenak, bisaiek, gaixotasunek, nola jotzen zuten Jorgeren gainera laguntza eske…

Nahiko harrituta geratu nintzen, eta handik egun batzuetara itzuli ginen kartzelara, kamerak aldean.

Informazio osoa iturriaren webgunean irakurri