Txomin Agirre nobelagilea, zuri ala beltz
- DataUrtarrilak 20
- Gaia Literatura
Asteartean 100 urte bete ziren 'Auñemendiko lorea', 'Kresala' eta 'Garoa'-ren egilea hil zela. Euskaltzale porrokatua zen, eta bere ideia tradizionalistak gizarteratu zituen lanotan. Hainbat pasarte eder sortu ere bai. Mende erdi luzez nabaritu zen eleberrigilearen eragina euskal letretan.
Mundu moderno eta hiritarraren presiopean gero eta estuago eta deserosoago bizi den menditar mundua Oñatin (Gipuzkoa), irauteko ahaleginean, Garoa-n. Arranondo ezizenarekin bataiatutako Ondarroako (Bizkaia) arrantzale mundua, Kresala-n. Bizimodu tradizional idealizatua, euskalduntasunaren gordailu; «euskaldun-fededun» formula eleberri. Kontrakoa litzateke harrigarriena, Txomin Agirre karlista, euskaltzalea eta apaiza baitzen. 1864an jaio zen, Ondarroan; sosa urri eta beharra ugari zuen etxe batera. Arotza zuen aita. Bigarren Karlistaldiaren (1872-1876) ostean foruak indargabetzeak asko markatu zuen, bere belaunaldiko beste asko bezala. Garai hartako gizarteak ere bai. Haren ustez, benazko euskal herritarrak euskaraz egin behar zuen, erdarakadarik gabe; Euskal Herria maitatu behar zuen; eta kristau legearen arabera bizi behar zuen. Beti.
1888an abadetu zen. Gasteizko apaiztegian ezagutu zuen hil arte lagun izango zuen Resurreccion Maria Azkue. Behin ordenatu ostean, Karrantzan (Bizkaia) egin zuen denbora bat; Zumaiara (Gipuzkoa) aldatu zen laster. Azken hori izan zuen hil arteko bizitoki. Handik landu zituen euskal kontzientziaren pizkundearen arkitekto izango zirenekin osatutako sareak eta abiarazitako ekinaldiak. Euskalerriaren Alde aldizkariaren sortzaileetako bat izan zen, Arturo Kanpion, Karmelo Etxegarai eta Julio Urkixorekin batera. Azkue adiskideak 1897an sortua zuen euskara hutsezko Euskalzale aldizkarirako, berriz, lan ugari egin zuen; baita erosle eta harpidedun bila ibili ere. Euskal-Erria, Ibaizabal, Euskal-Esnalea eta RIEV aldizkarietan ere argitaratu zituen testuak. Hizkuntzaren garbitasunari buruzko eztabaidan, Azkueren alde lerratu zen, Sabino Aranaren neologismoei uko eginez eta esaldien jatortasuna bilatuz. Horren lekuko dira idatzi zituen lanak.