Cristina Iglesiasi Arkitektura saria eman dio Royal Academy of Artsek
- DataUrtarrilak 17
- Gaia Ikusizko arteak, Bestelakoak
Britainiar akademiak azpimarratu du donostiar eskultoreak hirietako espazio publikoak eta eraikinen arteko espazioak indartu dituela bere ibilbidean.
Cristina Iglesias donostiar eskultoreari Arkitektura saria eman dio Londreseko Royal Academy of Artsek, galeriak berak gaur iragarri duenez.
Ohar batean, akademiak adierazi du Iglesiasek “arkitekturaren kulturari egindako ekarpen pizgarriari” zor zaiola saria.
“Hiri espazio irekien kalitatea hanpatzeko orduan arte publikoak duen zeregina” goraipatu du Norman Fosterrek eta beste hainbat adituk osatu duten nazioarteko epaimahaiak.
Oharrak, halaber, azaltzen du Iglesiasen lanak “topaketa publikoaren sentsazio moduko bat” sortzen duela, espazio publikoa “nola ikuskizun moduan hala inguruan duen hiri bizitzaren erritmoaren eta zarataren aurkako antidoto moduan aurkeztuta”.
RAren arabera, donostiarraren lanek zeregin garrantzitsua dute, “arkitektoei gogoratzen baitie gure hirietan espazio publikoak izatearen berebiziko garrantzia”.


