Durangoko Azokak aurtengo nobedadeen musika-zerrenda kaleratu du Spotify plataforman
- DataAzaroak 15
- Gaia Musika
Lehen aldiz, Spotify zerrenda publiko bat osatu du Durangoko Azokak, abenduaren 5etik 8ra arte eskuratu ahal izango diren musika nobedadeekin. 49 abestik osatzen dute eta astero kanta berriak gehituko zaizkio.
Durangoko Azokak, lehen aldiz, kulturaren plazan egongo diren musika nobedadeekin zerrenda publiko bat osatu du, Spotify plataforma ezagunean. Horrela, Azokako bisitariak entzun ahal izango du aldez aurretik zein taldek aterako duen diskoa Azokarako.
‘54DA!’ musika-zerrenda 49 talderen 49 abestik osatzen dute momentuz, eta Durangoko Azokako webgunean eta Spotify plataforman entzun daiteke.
Azokak ohar batean azaldu duenez, musika zerrenda horren ezaugarria «aniztasuna» da. Izan ere, rock doinuak gailentzen diren arren, hainbat musika estilo nahasten dira: pop, trikitixa, klasikoa, hip-hop, elektronikoa, soul eta abar. Talde ezagunak eta hasi berriak ere tartekatzen dira.
Ibilbide luzeko taldeen artean, honakoak topatu ahal ditugu: Zea Mays, Urtz, Doctor Deseo, En Tol Sarmiento, Maider Zabalegi, Willis Drummond, Eñaut Elorrieta, Ruper Ordorika, Yogurinha Borova, Keu Agirretxea, Xabi Solano, Pier Paul Berzaitz eta Korrontzi, besteak beste. Pirritx, Porrotx eta Marimototsen azken nobedadea ere agertzen da, edota Pello Reparazen ‘Zetak’ taldearen singlea.
Hip-hop edo trap taldeek ere presentzia nabarmena izango dute, Xatiro, Mad Muasel, Gatom, Dupla, La Basu edo Revolta Permanent bezalako taldeekin. Abesti guztiak «nobedadeak» diren arren, hainbat talderen abesti klasikoak ere agertzen dira, formatu ezberdinetan berriro kaleratuko direlako Azokan, eta, beraz, «nobedade» izango direlako. Horren adibide dira Skalariak, Hemendik at!, Hertzainak edo Berri Txarrak.


