Jaio.Berri Txarrak.Hil.Berri Txarrak?
- DataUztailak 15
- Gaia Musika
Bilbon emandako kontzertu historikoan talde nafarrak erakutsi du bere emaria ez dela taldearen etenaldiarekin bukatuko. Lekunberritarrek ereindako haziak beraiek joan ondoren ere loratuko dira.
Historiko berba, askatasuna, justizia, demokrazia eta beste hamaika bezala, higatuta dago, piltzartuta, erabiliaren erabiliaz, baina bart Berri Txarrak taldearen eskutik Kobetako kontzertu esparruan 20.000 lagunek hiru orduz, 37 kantuan zehar, bizitakoa historikoa izan zen, eta ez soilik, maila kuantitatiboan, euskal rockak bere buruari inoiz egindako omenaldirik jendetsuena izan zelako, baizik eta mugarria ezarri zuelako.
Atzokoan, Berri Txarrakek eta hirukotea agertokian inguratu zuten hogeitaka lagunek musikaren boterea berretsi zuten, eta irudikatu zuten, ukitu ezin diren gauzak erabat zokoratuta dauden garaian, musikak ahalmena duela jendea mugiarazteko, inertziak aldatzeko, lozorrora emandakoak iratzartzeko, aurrera begirarazteko, leihoak zabaltzeko eta bideak zirrimarratzeko. Ez da gutxi; aitzitik, dena da hori.
Batzuetan, hamabigarrenez entzun nahi izaten dugu hamaika aldiz entzundako kantu edo mezu hori: zilegi da eta beharrezkoa zaigu batzuetan. Baina segurtasunak emateko ez ezik, musikak, sormenak, beste gauza batzuk bizitzera eta bestela bizitzera bultzatzeko ere balio du, eta jarrera horren aldezkaria izan da beti Berri Txarrak, atzokoan ere. Lanaren eta ausardiaren oihartzun hori, askotan horren beharrezko diren erreferenteen itzala, ez da desagertuko taldearen beraren amaieraz haraindi, azaroa joandakoan. Akordez, oihuz eta xuxurlaz urratutako bideak zabalik izango dira, ibili nahi dituenarentzat.


