Ione Gorostarzu: "Engainagarria da pentsatzea norberak aske erabakitzen duela nolako ama izan"
- DataEkainak 7
- Gaia Literatura
‘Ez da erditzea' bere bigarren poema-liburua aurkeztu du Ione Gorostarzuk, ‘Des egiten' opera prima argitaratu eta zazpi urtera. Besteak beste, ama izatearen esperientziak bildu ditu bertan
Azken urteetan amatasunak eskainitako esperientziak eta bizipenak poema bihurtu ditu Ione Gorostarzuk (Berastegi, 1884). Ama hitza “norberak berdefinitu” behar duela uste du, emakume guztien artean “eredu askeago batera heltzeko”. Gorputza, ahizpatasuna eta haurtzaroa bezalako gaiei ere lekua egin die liburuan.
Ama izatearen esperientziak bildu dituzu lan honetan. Zelako sentipenak topa ditzake irakurleak?
Beldurretik hasi eta pozeraino, maitasunetik hasi eta itomeneraino, tartean hainbat sentipen eta bizipen eta burutazio, kezketatik igarota. Eta galderak, nik uste, galdera asko. Sentimenduak ez dira jarraiak eta koherenteak izaten, eta saiatu naiz epaitu gabe agertzen gorputzean bizi izandako horiek guztiak. Berez, esperientziek eurek bakarrik ez dute eusten liburua, eta sentipen horiek langai gisara erabili ditut literaturarako.
‘Ez da erditzea’ aukeratu duzu izenburutzat. Arrazoi bereziren bat?
Poema baten lehen hitzak dira. Behin bilduma eginda, poema hori egokia ikusi nuen amaierarako, liburuan zehar egindako bideak horraino eman zuela ulertuta, eta, aldi berean, izenburuan ere biltzen zuela lan osoaren esentzia, gehiegi esan gabe. Poemak esaten du “ez da erditzea, bikoiztea da”. Behin erditzea gertatzean, ama-haurra harremanaz ari da, bi gorputzen arteko espazioaz edo mugaz.
Besteak beste, amatasunaren eta amek izan beharko luketenari buruzko iruditegia salatzen duzu liburuan.
Emakumeoi (ama izan nahi ez dutenei, izan ezin dutenei, ama ez direnei, ama direnei, ama bat dutenei… Orokorrean, denei) pisu handia eragiten digula uste dut hizki larriz idatzitako ama horren iruditeriak. Ipuinetatik hasi eta abesti, iragarki eta esamoldeetaraino, oso barneratua dugu maitasun eta zaintza iturri mugarik gabea den amaren irudia. Eta, nahiz ustez kontzienteki eta asko hausnartuta egunero-egunero beste amatasun mota baten aldeko hautu pribatu edo pertsonala egin, ezinegon handia eman dit ohartzeak, esaterako, nola nik, neuretzat eredu “askeago” bat bilatzen nuen bitartean, aldi berean elikatzen nuen, esaterako, amona bezala nire amarengan ustez gainditu nahi nuen iruditeria hori.


