Garazi Albizua: "Ni ez nengoen literaturan, beraz zein nintzen ni? Hutsune horrek tristetu ninduen"
- DataApirilak 17
- Gaia Ikusizko arteak, Literatura
Komikigintzan zein literaturan aritua da Garazi Albizua (Santurtzi, 1985). Nola egiten dute dortokek? (2015, Denonartean) eta Kemena (2018, Denonartean) lanen egilea dugu, eta egun Ahire Munduak zientzia fikziozko trilogian dihardu lanean. Honen lehen atala, Izadia (2018, Denonartean), kalean da dagoeneko. Idazketaz gain, tailer eta ikastaroak ere gidatzen ditu
Izadia eleberria kaleratu berri duzu. Zeri buruzkoa da?
Izadia hiri baten izena da, zeinetan gogortasun, zapalkuntza eta sexismo asko dagoen. Guzti horren kontra egiteko bilduko dira hainbat norbanako, eta beraien artean harreman bereziak eraikiko dituzte.
Lana trilogia baten parte da.
Bai, liburu bakoitzean gauza batean jartzen dut arreta. Lehenbizikoa da agian pizgarriena, bortizkeria aurkezten baitu. Bigarrenean bortizkeria horren berri badu jada irakurleak, beraz beste gai batean jarriko da arreta, eta hirugarrenean beste horrenbeste. Nahiz eta gai berberen ertzak ukitu, azken finean, hiru liburuetan.
Nor da protagonista?
Hainbat protagonista daude, eta horien izenak daramatzate kapituluek. Atalburuka, pertsonaia bakoitzaren errealitatea azaltzen da, beren ikuspuntutik. Badago lider moduko bat, baina bere ekintzak burutzeko besteak beharrezkoak dituenez, protagonismoa banatuago dago. Hala ere, Katixa izango litzateke pertsonaia nagusia.
Ezagun dut txikitan emakumezko erreferenteak faltan jotzen zenituela liburuetan.
Irakurtzea gustuko nuenez, irakurketan bilatzen nituen erreferenteak, baita nituen arazoen aurrean nola jokatu jakiteko argibideak ere. Baina aurkitzen nituen pertsonaiak gizonezkoak zirenez, ez nuen behar nuena topatzen. Zentzu horretan emakumezko asko dago nire lanean. Identitate anitzeko pertsonak agerrarazteko xedea izan dut.
Zientzia fikzioa lur emankorra da helburu horri begira.
Bai, horretarako genero ezin hobea da. Oso tranpatia ere bai. Zeren hasten naiz otutzen zaidan oro paperera iraultzen, eta adibidez asmatu dezaket gailu bat, egiten duena ez dakit zer, eta nik bakarrik dakidana zer den. Okurrentzia horiek nola azaldu ez zait erraza egiten.
Txikitatik zara zientzia fikzioaren zale?
Fantasia irakurtzen nuen zientzia fikzioa baino gehiago. Irakurri nuen lehenbiziko liburua Sorgin txikia izan zen, izebak oparitu zidan. Ordura arte komikiak irakurtzen nituen. Horrekin estreinatu nintzen fantasian, eta sekulako deskubrimendua izan zen emakume protagonista batekin topo egitea, komikietan gizonezkoak baitziren protagonista. Fantasiaren munduan barneratzean, baina, beste emakumezko protagonistarik askorik ez zegoela ikusi nuen. Erreferente horren beharra sumatu nuen luzaroan.


