Idoia Beratarbide: "Nahiko banu ere, ezingo nituzke hitzak idatzi, ilustrazioa nire espresatzeko modua da"
- DataMartxoak 7
- Gaia Ikusizko arteak
Errenteriako Berdintasun Kontseiluak antolatuta, Nazioarteko Emakumearen Egunaren baitan, larunbatera arte Xenpelar Etxean, Idoia Beratarbide sortzailearen ‘Errenteriako Emakumeen Aztarnak’ erakusketa ikusgai dago
Nondik dator ‘Errenteriako Emakumeen Aztarnak’ erakusketa?
Errenteriako Berdintasun Kontseiluak bultzatutako liburu batetik dator. Mariasun Landa Saria literatur lehiaketatik bazituzten hainbat testu interesgarriak iruditzen zitzaizkienak publikatzeko eta proposatu ziguten nire taldeko jendeari liburuaren koordinazioa eramatea eta niri ilustrazioak egitea. Liburua publikatu da eta bertan dauden ilustrazioak erakusketan ikus daitezke.
Zer nolako irudiak ikus daitezke Xenpelar Etxean?
Mariasun Landa Sariak egin ziren Errenteriako emakumeen eta emakume esanguratsuen bizitza ezagutzera emateko. Liburu horretan 23 testu daude, herriko 23 emakumeren bizipenak kontatzen dira bertan. Eta idatzi horietatik abiatuta eta idazleek beraiek gehitutako argazkiez baliatuz nik egin dut ilustratzaile lana.
Bada al zenuen aurretik Errenteriako Udalarekin harremanik?
Aurretik banuen harremana Errenteriako Udalarekin hainbat liburu ilustratu nituelako. Proiektu hau aurrera eramatea erabaki zutenean nigan pentsatu zuten eta nik onartu egin nuen. Udatik hona egindako lana izan da.
Zein prozesu jarraitzen duzu ilustrazio bat egiteko?
Margotzen hasten naiz, asko margotzen dut eta gero marrazki hori ordenagailuan lantzen dut: fondoa jartzen diot... eta collage bat egiten dut. Nire lanaren bilakaera erakusketan ere ikus daiteke hainbat marrazkirekin.
Noiz hasi zinen lanean ilustraziogintzan? Argi izan zenuen hasieratik hori zela zure bidea?
2000. urtean bukatu nituen Arte Ederreko ikasketak eta bukatu nituenetik beti sorkuntzan ibili naiz lanean gauza ezberdinetan. Egia esan, ilustraziogintzara pixka bat kasualitatez iritsi nintzen, baina esan daiteke 17 urte daramatzatela honetan lanean.


