Ibon RG: «Zer hoberik herriminaren kontra, kanta berriak egitea baino»
- DataOtsailak 17
- Gaia Musika
Herri kantaren erroetara jo du; esperimentazioaren esperientzia makulu, piezak entzulearen memorian irauteko nahia akuilu. Norabide, kolore, ertz eta instrumentu askotako musikaria da, baina ahotsean oinarrituriko disko gordin eta biluzia kaleratu berri du: Hil zara (Repetidor).
Bilboko Errekalde auzoan entseatzeko lokala partekatzen du, egun, beste dozena erdi lagun eta musikarirekin Ibon Rodriguezek (Sestao, Bizkaia, 1978). Hiru piano / organo dituzte bertan. Ez litzateke leku txarra kantaren batzuk grabatzeko ere. Bere habitata du lokala; eroso sentitzen da instrumentu artean.
Noranahiko belarria dauka musikari poliedrikoak; herri musikarantz bezala esperimentalerantz zuzendua modu nabarmenean, eta hortik aurrera, zein atzera, edonorantz. Txistulari eta dantza taldeetan aritua gaztetxotan, Eten rock esperimentaleko taldeko kide eta gidari gisa lau disko plazaratuak ditu; Xabier Montoia eta Mursegoren diskoetako ekoizle lanak egin izan ditu, eta Montoiaren beraren disko nahiz zuzenekoetako parte izan da, baita Borbor, Manett, Le Noise eta beste hainbat proiektutakoa ere. Gargaran bikote modura aritu izan da, ahots inprobisazioa eta esperimentazioa ardatz izanik. Egun Txaranga Urretabizkaian ere jarduten du, metal haize instrumentuekin esperimentazioa lantzen duen talde zabalarekin.


