Gaizka Salazar: "Azken garaian letra eta erritmika aldetik alaiagoa da Gatibu;disko berrian ere hor dago hori"
- DataOtsailak 11
- Gaia Musika
Gatiburen publikoa hazten doala dio taldeko bateria den Gaizka Salazarrek. Bizkaitarrek hiru egunez Intxaurrondon joko dute, azken lana, Azken indioak, aurkezteko asmoz.
Ostiral eta larunbaterako sarrerak agortu dira, eta iganderako sesiorako erdiak saldu dira. Harriturik zaudete?
-Sold out egitea beti da eskertzekoa. Halere, orain dela bi urte Intxaurrondon bi egun segidan jo genuenean ere sarrerak agortu egin ziren. Aurten, bira honekin, beste salto bat aurrera egin dugula uste dut. Ez da guztiz harritzeko zerbait, baina oso eskertuta gaude.
Saltoa zer zentzutan?
-Bilboko Santana aretoan ere bi gauetan jo genuen. Kontzertu baterako sarrerak agortu egin ziren, besterako, 100 bakarrik gelditu ziren saldu gabe. Publikoaren aldetik hazkunde bat bizi dugu.
Disko berriaren izenburuaren harira, euskaldunak Europako azken indioak gara?
-Hori horrela da. Gainera, ideia hori beste esparru batzuetara zabaldu nahi izan dugu, musikaren mundura, adibidez: autoekoizpenera jotzen duten artistak, gaur egungo sektorearen egoeran zailtasunekin aurrera jarraitzen dutenak... Lanaren filosofia da euskaldunak eta musikariak azken indioak garela.
Diskoan kultura minorizatuen defentsa egiten duzue.
-Kultura euskalduna bezala, beste batzuk ere gure egoeran badira.
Lehen aldia da Estatu Batuetan grabatzen duzuela.
-Diskoak beti etxe ondoan grabatu izan ditugu, Muxikan hasieran eta gero Mungian, Muxikon estudioetan. Aldaketa bat behar genuen, gure gorputzek eta gure buruek behar zuen. Gauzak desberdin egin nahi genituen, motibazio berriak eta soinu desberdinak bilatu. Lehenengo aldia da, baita ere, ekoizle batekin grabatzen dugula. Santi García izan da gure ekoizlea eta berarekin joan gara Texaseko (AEB) Sonicranch estudioetara.


