Liburu bilduma, filma eta ekitaldia, Txillardegi omentzeko

  • Liburu bilduma, filma eta ekitaldia, Txillardegi omentzeko
    EHU, Jakin eta Korrikako arduradunak, eta biografiaren nahiz dokumentalaren egileak, gaur, Donostian Gorka Rubio / Foku
Berria

  • DataOtsailak 6
  • Gaia Arte eszenikoak, Musika, Ikus-entzunezkoa, Literatura

'Dabilen pentsamendua' liburu bilduma osatu dute elkarlanean Jakinek eta EHUk. Txillardegiren pentsamendua jaso dute hiru libururan, eta haren biografia idatzi du Miren Rubiok. Larunbatean Txillardegiren omenezko ekitaldia egingo dute Musikenen

Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi-ren ekarpenari aitortza egiteko elkar hartu dute Korrikak, Euskal Herriko Unibertsitateak eta Jakinek. Hala, haren pentsamendua biltzen duten hiru liburu argitaratu dituzte Jakinek eta EHUk (Euskara batua, Nazio auzia eta Hizkuntzaren filosofia). Txillardegi idazle oparoa izan zen, eta argitaratu zituen 1.600 idatzi baino gehiagoren artean hautaketa egin du Alaitz Aizpuru Joaristik hiru lan horiek osatzeko. Joan Mari Torrealdaik, Joxe Manuel Odriozolak eta Iñaki Zabaleta Gorrotxategik idatzi dituzte, hurrenez hurren, liburuetako hitzaurreak. Dabilen pentsamendua bildumaren barruan argitaratu dituzte hiru lanak, eta Lorea Agirre Jakineko zuzendariak aurreratu duenez, beste hiru liburu kaleratuko dituzte aurrerago Txillardegiren pentsamendua ardatz hartuta. Izan ere, Idazle eta pentsalariaren lana digitalizatuta dauka Jakinek Gipuzkoako Foru Aldundiarekin egindako hitzarmen bati esker.

Horiekin batera, Miren Rubio kazetari eta Jakin Fundazioko langileak idatzitako biografia kaleratu dute EHUk eta Jakinek AEKren babesarekin: Txillardegi. Batasunaren pentsalaria. Rubiok berak gaur goizean EHUren Carlos Santamaria aretoan egindako ekitaldian adierazi duenez, modu asko dago Txillardegirengana hurbiltzeko, eta askotan "ertz bakarretik" heldu izan zaio, dela euskara, sozialismoa edo ETA. Hala, bere asmoa izan da "modu orokorrago" batean ematea Txillardegiren bizitzaren eta pentsamenduaren berri, "hobeki ulertzeko" zer egin zuen. Joxe Azurmendik idatzi du biografia.

Txillardegi aitzindaria izan zen hainbat arlotan: euskaltzaletasuna ulertzeko modu berri bat ekarri zuen, irekia, ez esentzialista, eta hizkuntza naziotasunaren erdigunean kokatu zuen nazioarteko pentsalariak gurera ekarriz; ,euskararen batasunaren eragiñe eta bultzatzaile nagusietako bat izen, euskarazko kulura moderno eta garaikidearen oinarriak jarri zituen, eta Europako molde garaikideetara ekarri zuen euskal literatura Leturiaren egunkari ezkutua nobelarekin. Halaber, Ekin eta ETA sortzaile izan zen, eta politikan aritu zen gaztetatik. Gerora, ESB, HB eta Aralarren militatuko zuen. Euskararen aldeko eskubideen eragile garrantzitsua ere izan zen, besteak beste, Euskal Herrian Euskaraz taldearen barruan.

Informazio osoa iturriaren webgunean irakurri