Xabier Mendiguren: «'Michael Kohlhaas' berriro itzuliko banu, erosotu egingo nuke, arindu»
- DataOtsailak 2
- Gaia Literatura
Xabier Mendigureni orain dela mende laurden buruhauste handiak eman zizkion itzulpena berrargitaratu dio Katakrak argitaletxeak
Xabier Mendiguren Bereziartu (Ezkio, 1945) erretiroa hartuta dago. «Garai batean uste nuen hil arte ibiliko nintzela jo eta ke, baina itzulpenak ia ez ditut egiten, gauza oso bereziren bat ez bada». Itzulpen batek ekarri du haatik berriro lerroburuetara: euskaraz lehen aldiz 1993an argitaratu zuen Heinrich von Kleist-en 'Michael Kohlhaas'-en berrargitalpenak. Katakrak etxeak argitaratu du, euskararen aldetik egokitzapenen bat eginda, XVI. mendeko gertaeren berri ematen duen XIX.eko eleberria.
–Espero zenuen aspaldiko itzulpen hori berrargitaratzea?
– Ez, ez nuen espero. Justu liburu hau izateak pixka bat harritu nau. Ez liburuaren balioa zalantzan neukalako, baina dezente itzuli ditut eta esperoko nuen besteren bat izatea, agian erosle edo irakurle ugariago izan zezakeena. Gero, ikusirik argitaletxeak balioan jartzen duela norabide jakin bat, ulertu dut aukera.
«Ez badituzu liburu onak itzultzen, hizkuntza ere ez duzu garatzen»
–Literatura Unibertsala bilduman argitaratu zen, orain mende laurden. Ordurako ba zeneramatzan bi hamarkada itzulpengintzan.
– 70eko hamarkadaren erdialdetik aurrera, asko ibili nintzen ikastoletarako-eta liburuak prestatzen eta euskaratzen, horren premia handia zegoelako. Xabier Gereñoren CINSA argitaletxerako ere bai, Salgari, Heidi eta modan zeuden liburu xelebre samar batzuekin; Iñaki Beobiderekin ere egin zuen zerbait...
– Hala ere, ekimenak ez ziren asko izango, eta itzultzaileak ere gutxi.
–Oso gutxi.
– Bigarren gabezia hori laster jarri zuen konponbidean Donostian sortu zen Itzultzaile Eskolak.
–Juan San Martinek deitu zidan esanez Euskaltzaindiak nahiko zuela Donostian ireki itzultzaile eskola bat, laster itzulpen-eskari handia etorriko zelako. Munduko hainbat itzultzaile eskolatako programak eskuratu eta aztertu ondoren, ideia bat atera nuen, eta gure egoerara egokitu. Plan bat, azken batean, guk hemen egiteko modukoa izan zitekeena. 1980an hasi zen aurreneko promozioa, Aurrezki Kutxa Munizipalak utzitako Arbide dorreetan. Oñatiko enpresario batzuk izan ziren dirua jarri zutenak.
– Fama Martutenen hartu zuen.
–Hurrengo urtean pasa ginen Martuteneko egoitzara. Han talde bat sortu zen: Zabaleta anaiak (Josu eta Pello), Koro Navarro, Aintzane Ibarzabal, ingeleseko irakasle batzuk... Lehenengo plantilla txiki moduko bat. Azkenean unibertsitatean txertatu zen arte, estatus zalantzakorra izan zuen eskolak, baina itzultzaile asko sortu eta trebatu ziren. Hor egon zen transmisio bat, zubi lan bat egin genuen adineko jende baten eta ez hain adinekoaren artean. Ordura arte itzulpena borondatez egiten zen, eta orduan iritsi ziren enkarguko lanak, Administraziotik batik bat.


