Aintzane Galardi: "Fikzioa egin daiteke poesian, istorio bat kontatu edo beste ahots batekin hitz egin"

  • Aintzane Galardi:
Hitzen Uberan

  • DataUrtarrilak 30
  • Gaia Literatura

Aintzane Galardi Porturen (Oiartzun, 1969) laugarren poema liburua da Hegodun poemak (Denonartean, 2018). Aurretik beste hiru poema liburu publikatu ditu, guztiak lehiaketak irabazi ondoren: Itoti urdinarean azpian (2005), Zirrikituak (2007) eta Mendafin usaineko iluntzeak (2015). Euskara irakasle ere badenez, hezkuntzan poesiak duen tokiaz ere aritu gara berarekin

Iruña Hiria Nazioarteko lehiaketako euskarazko atala irabazi zenuen iaz. Sari horrek eman dizu zure laugarren poema-liburua argitaratzeko aukera.

Hilabete batzuk lehenago Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatzen duen Xabier Lete lehiaketara aurkeztu nuen lan hau. Juanjo Olasagarrek irabazi zuen. Hala ere, pozik geratu nintzen, finalisten artean aipatu zutelako nire izenburua. 31 lanen artean finalista izan nintzen. Gehienetan, lehiaketetan irabazten duenaren izena esaten dute eta ez dakizu zure lana nolakoa den, zer iruditu zaien… Interesgarria iruditzen zait, lehiaketa honetan bezala, finalistak edo beste lan batzuk aipatzea. Idazlearentzako garrantzitsua da informazio hori: ongi ari zarela, epaimahaiko norbaiti gustatu zaiola jakitea… Lana egina neukanez, Iruña Hiriara bidali nuen. Eta han kanpaiak jo zuen. Publikatzen delako hartu nuen pozik handiena.

Ez zara animatzen zure kabuz argitaletxeengana hurbiltzera?

Behin egin nuen hori eta ezezkoa eman zidaten. Jende askori esaten diote ezetz, badakit. Ezezkoa jaso ondoren, lehiaketa batera aurkeztu nuen lan hura eta irabazi egin nuen. Erosoagoa egiten zait lehiaketetara bidaltzea beste ezetz bat jasotzea baino. Irabazten bada ongi, eta bestela ba hurrengora bidali…

Aurreko poema-liburua, Mendafin usaineko iluntzeak, 2015ean argitaratu zenuen. Tarteko hiru urte hauen fruitua da Hegodun poemak?

Hura bukatu nuenean, poema berriak hasi ziren sortzen. Hegodun poemak iazko apirilerako bukatuta neukan. Bi urte eta erdiko tarte horretan sortu da.

Aurreko poema-liburutik hona, gai aldetik erregistro aldaketa izugarria da…

Hala uste duzu?

Idazteko moduan, ez. Baina gaiaren aldetik bai…

Bai, ados nago. Gaia erabat desberdina da, baina estiloa mantentzen dut. Motzekoa naiz ni. Ahalik eta hitz gutxienekin, adierazi nahi dudana adieraztea gustatzen zait. Nahiz eta tartean poema luzeagoak sortzen diren, gehienak motzak dira. Aurreko liburuko gaia Marokoko bidaiak izan ziren eta orain Ameli da protagonista, adineko-emakume bat… Bai, gaia oso desberdina da.

Poesiari askotan egozten zaio ulertzeko zaila izatea. Ez dut uste zure poesiari hori egotzi daitekeenik…

Hainbeste estilo daude poesian, mota guztietako poemak daudela. Kaligramak, jolastekoak, limerickak, barregarriak, haikuak, sakonak, motzak… Nire estiloa ulergarria da. Ez ditut baliabide erretoriko zailak erabiltzen.

Hiru ataletan banatua dago Hegodun poemak liburua: “Paperezko hegazkinak”, “Altzairuzko hegoak” eta “Azken hegaldia”. Hiru kapitulu horiek prozesu bat kontatzeko baliatzen dituzu.

Lehenengoan, Paperezko hegazkinak, Ameliren gaixotasuna azaltzen da: adineko emakume bat da, memoria galtzen ari dena. Poemetan agertzen da memoria ondo duenean eta memoria galduta haur bihurtzen den momentua nahastuta; ondo dagoenean gai da txorimaloa eta elurretazko panpina maitemintzen direneko instante eternal hori harrapatzeko bere kamararekin. Hirugarren pertsonan deskribatzen da emakumea. Bigarren atalean, Altzairuzko hegoak, agertzen da lehenengo pertsona. Atal hau Ameliren koadernoan idatzitako poemak dira. Bidelagun dituen emakume hegazkinlari guztiak agertzen dira. Eta hirugarren atala, Azken hegaldia, bere gaixotasunaren degradazioa eta atzera bueltarik ez dagoela konturatzen denean hartzen duen erabakiari buruzkoa da. Uste dut metafora polita dela azken hegaldia. Hainbeste miresten dituen emakume horiengana doa, eta bere suizidioa kontatzen du, baina inolako tragikotasunik gabe. Suzidioa, heriotzaren gaia agertzen denean badirudi poemek ilunak izan behar dutela, eta nik ez nuen hala izaterik nahi. Erabaki bat da Amelik hartzen duena, eta iluntasunik eta misteriorik gabe azaldu nahi nuen, modu natural batean. Kezka neukan poemak ilunak aterako ote zitzaizkidan, baina Iruñan epaimahaiak esan zuen poema koloretsuak eta argiak direla. Azken finean, hainbeste miresten dituen emakumeekin bukatzen du bidaia, paradisuan bere zain dauzka! Ez da toki txarra!

Informazio osoa iturriaren webgunean irakurri