"Laja", maisu, zubi eta plazagizon
- DataUrtarrilak 21
- Gaia Musika
LEHENGO ASTEAN ZENDU ZEN | Iñaki garmendia ‘laja’ azkoitiarrak 60 urtez ekin zion trikitia jotzeari
“Laja gazteak soinua zuen amets, eta odoleraino sartu zitzaion trikitiaren oihartzuna;gaur maisuen maisu dela esango nuke soinua jotzen eta gizatasunean”, dio Iriondok, 2016ko azaroan argitaratutako Laja, trikitixaren zubia liburuan. 1944. urtean jaio zen Garmendia Azkoitiko Lajabaserrian eta aitarengatik jaso zuen zaletasuna. Gurasoek soinuarekin zuen gaitasuna ikusita, irakasleekin -Elgetarekin eta Sakabirekin, lehenik;eta Joxe Mari Altuna musikariarekin, gero-, aritzea adostu zuten. Gerora, Garmendia izango zen gazte trikitilari askoren erreferente, “arian-arian trikitixaren zubia eraiki zuen, zaharretatik belaunaldi gazteetara heltzeko, joera eta estilo ezberdinetan”.
Hamahiru urte zituela jo zuen estreinakoz erromeria batean, dozena bat pieza bakarrik zekizkiela. Han hasi zuen 60 urteko ibilbidea, plazaz plaza. Urte horietan guztietan, ordea, erromerien errealitatea asko aldatu zen. Horrela uste zuen Garmendiak eta horrela jaso zuen Iriondok: “Garai batean guk ezagutu genituen erromeriek ez zuten oraingoen antzik. Gure aurrekoak ere ezberdinak izango ziren zentzu askotan. Besteak beste, herri eta auzo txikietan egiten ziren, eta inguruko gazte jendea bildu ohi zen. Soinujole gutxi zen garaia ezagutu genuen guk, eta orain alderan-tziz gertatzen da, soinujole asko baina erromeriak eta dantzariak urri samar, beharbada”.
Batzuetan -hasieran, bereziki- bakarrik baina, besteetan, beste musikariekin ibiltzen zen plazaz plaza, garai bakoitzean “eskura zetorkion” panderojolearekin. Horien artean, Egañazpi, Iturbide, Alustiza eta, Landakanda, noski.


