OREINA datorren astean estreinatuko da Ipar Euskal Herrian

  • OREINA datorren astean estreinatuko da Ipar Euskal Herrian

  • DataUrtarrilak 18
  • Gaia Ikus-entzunezkoa

Filmak nazioarteko zinemaldietako ibilbidearekin jarraitzen du eta larunbat honetan Espainiako Berriemaile Zinematografikoen Elkarteak antolatutako Feroz Sariak 2019ko “Sari Berezia”gatik lehiatuko da.

Koldo Almandozen Oreina filma Ipar Eukal Herriko aretoetan ikusi ahal izango da urtarrilaren 21etik aurrera. Zuzendaria bertan izango da aurkezpen eta solasaldietarako Baiona, Donibane Lohizune, Donapaleu, Hendaia, Maule, Donibane Garazi eta Kanbon. Atzo aurre estreinaldia ospatu zen Orthezen, Laulad Ahmed Saleh eta Patxi Bisquert aktoreek aurkezturik.

Frantziako euskal zinemaren hedapenean espezializatuta dagoen Gabarra films banatzailearen eskutik, Oreina areto anitzetan proiektatuko da.

Koldo Almandoz berak emango ditu Oreinaren estreinaldiari buruzko xehetasun gehiago datorren astelehenean, 11etan, Baionako Cinéma L’Atalanten egingo den prentsaurrekoan.

FEROZ SARIAK

Oreina larunbat honetan Espainiako Berriemaile Zinematografikoen Elkarteak antolatutako Feroz Sariak 2019ko “Sari berezia”gatik lehiatuko da. Edizio honetan Oreinaz gain honako pelikulak daude aukeratuta, Andrés Goteiraren Dhogs; Meritxell Colellen Con el viento; Alberto San Juan eta Valentín Álvarezen El rey; eta Isaki Lakuestaren Entre dos aguas.

Sarien banaketa larunbat honetan egingo da, urtarrilak 19, Bilbao Arenan, eta Ingrid García-Jonsson aktoresa izango da aurkezlea.

Filmak nazioarteko zinemaldietako ibilbidearekin jarraitzen du; Europa eta Hego Ameriketako zenbait jaialditan ditu hitzorduak aurreikusta. Epe laburrean emango dugu informazio gehiago honi buruz.

Oreina Txintxua Filmsen ekoizpen bat da, ETBren, Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta ICAA Espainiako Zinematografiako eta Ikus-entzunezko Arteen Institutuaren babesarekin.

Informazio osoa iturriaren webgunean irakurri