Dock of the Bay jaialdiak Donostiako pantailak eta kontzertu-aretoak hartuko ditu gaurtik aurrera

  • Dock of the Bay jaialdiak Donostiako pantailak eta kontzertu-aretoak hartuko ditu gaurtik aurrera

  • DataUrtarrilak 7
  • Gaia Musika

Dock of the Bay Donostiako Musika Dokumentalen Jaialdiak zinemaz eta musikaz jositako asteari hasiera emango dio astelehenean. Bi dokumentalek irekiko dute jaialdia Trueba zinema aretoan: Jamaikako eta Britainia Handiko gazte kulturaren amodio historiari buruzko Rude Boys a story of Trojan Records filma, eta Zuberoko paisaiak, kultura eta abestiak protagonista dituen Basahaideak euskal ekoizpena.

Trueba zinema izango da astean zehar burutuko diren proiekzioen egoitza, eta astelehen arratsaldetik ostiral gauera Sail Ofizialeko pelikulak nahiz nazioarteko dokumental esanguratsuenak jasotzen dituen Perfect Day filmen bilduma eskainiko ditu. Guztira, orotariko publikoari zuzendutako hamar filmeko egitaraua, herrialde, estilo eta musika-genero anitzeko filmez osatua: flamenko, pop, rock, jazz eta punk, besteak beste. Jaialdiari amaiera emateko, bost emanaldiko saioa burutuko da larunbatean, urtarrilaren 12an, Antzoki Zaharrean.

Asteleheneko bi pelikulen ostean, Milford Graves perkusio-jotzailearen jazza eta Sonic Youth taldearen rock musika asteartean iritsiko zaizkigu Milford Graves: Full Mantis eta Hello Hello Hello: Lee Ranaldo: Electric Trim dokumentalekin. Asteazkenean, Sail Ofizialeko bigarren euskal filmaren txanda izango da: emakumeek 80ko hamarkadan Euskadiko eszenatokietan hartu zuten lekuari buruzko hausnarketa egiten duen Lou filma. Eta egun berean, generoa, gorputza eta bere irudikapena ausardiaz erretratatzen dituen Bixa Travesti film brasildarra aurkeztuko da.

Los Fiambres punk taldea eta Nacho Vegas kantautorea ostegun arratsaldean ikusi ahal izango ditugu Cantares de una Revolución eta La Estrella Errante dokumentaletan, eta ostirala flamenkoaren eta Mallorcako eta Galiziako musikaren txanda iritsiko da: Els ulls s'aturen de créixer filmak Miquel Serra musikaria izango du protagonista, O Espírito de Pucho Boedo Novedades Carminha taldearekin sartuko da grabazio-estudiora, eta Camarón flamenco y revolución pelikulak flamenkoaren artista mitikoaren erretratua eskainiko digu.

Larunbatean, Antzoki Zaharrean, bost dokumental aurkeztu dira goizez eta arratsaldez amaiera ekitaldia burutzeko: Fernando Truebak zuzendutako aurtengo Paint it Black saileko Mientras el cuerpo aguante filma, Chicho Sánchez Ferlosio abeslari anarkistaren ingurukoa; mutilek osatutako musika taldeen jarraitzaile diren gaztetxoei buruzko I Used to be Normal: A Boyband Fangirl Story; 60ko hamarkadako Londres hiria Michael Caine aktorearen eskutik eskainiko digun My Generation; M.I.A. abeslariaren jatorria deskribatzen duen Matangi, Maya, M.I.A.; eta Studio 54 dantzalekua gertutik aurkezten duen dokumentala eta jaialdiko azken filma.

Dock Live, mintegia eta kontzertuak

Dokumentalez aparte, Dock of the Bay jaialdiak musika eta zinema ardatz dituen hainbat ekitaldi paralelo izango ditu: Zuzeneko musika entzunez ikus-entzunezkoekin gozatzeko aukera emango duen Dock Live sail berria; ‘Musika, irudia, kontakizuna’ izeneko mintegia; eta Dabadaban eta Convent Gardeneko kriptan ospatuko diren kontzertuak eta dj-saioak.

Informazio osoa iturriaren webgunean irakurri